Hezkuntzak izan behar duen izaera inklusiboa ez du inork zalantzan jartzen. Ikasle orok hezkuntzarako sarbidea ziurtatua edukitzeko eta, bertan, kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea bermatzen duen hezkuntza-sistemaren aldarria onartua da nazioartean (Nazio Batuak, 2021). 

Hori horrela, desgaitasuna duten pertsonek ere ikastetxe eta hezkuntzako etapa guztietan gainerakoen baldintza berberetan parte hartzeko eskubidea ziurtatzea ezinbestekoa da. Europa mailan eskubide hori bermatze aldera egiten ari diren saiakerek eskola arruntean hezkuntza-premia bereziak (HPB) dituzten ikasleen presentziaren gorakada ekarri badute ere, Bigarren Hezkuntzan, oraindik, HPBko ikasleen kopuruak Lehen Hezkuntzakoa baino txikiagoa izaten jarraitzen du. Haatik, HPBko ikasleek ikastetxe arruntetan presentzia handiagoa izateak ez du zertan bertan jasotzen duten hezkuntzaren kalitatea ziurtatu. Horregatik, ezinbestekoa da desgaitasuna duten ikasleen hezkuntza-arrakasta ziurtatuko duten baldintzak identifikatzeko ikerketak egitea.

Asmo horri erantzuten laguntzeko, Navarro-Mateu, Gómez-Dominguez, Padros Curxat eta Roca Campos-ek (2021) Valentziako Bigarren Hezkuntzako ikastetxe baten kasua aztertu zuten. Ikastetxe horretan, 2014. urteaz geroztik Talde Elkarreragileak (TE), Tertulia Literario Dialogikoak (TLD) eta koirakaskuntza (bi irakasle gela berean) txertatu dituzte gelako eguneroko dinamiketan. HPBko ikasleak gela barruan daude uneoro, eta jarduera guztietan parte hartzen dute beste ikasleekin batera. Hala, ikerketaren helburua testuinguru dialogiko horietan lan egiteak HPBak dituzten ikasleen inklusioan eta ikaskuntza-emaitzetan nola eragiten duen aztertzea izan zen. 

Azken 5 urteetan ikastetxeak inklusiorako bidean egin duen eraldaketa aztertzeko, hezkuntza-komunitateko hainbat eragile elkarrizketatu, talde eztabaidak eta behaketak egin, eta ebaluazio- eta jarraipen-txostenak aztertu zituzten ikertzaileek. Datu-bilketa horren bidez, zehazki, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan zeuden eta garapen-desgaitasunak zituzten 33 ikasleren jarraipena egin zuten. Datuen analisietatik hiru emaitza argi atera zituzten:

  1. Aztertutako hiru estrategiei (TEak, TLDak eta koirakaskuntza) esker, HBPko ikasleek interakzio gehiago eta anitzagoak dituztela ondorioztatu zuten, baita ikasteko aukerak areagotzen direla ere.
  2. Elkarrizketatutako irakasle, familia eta ikasleen arabera, interakzio horiek eragin positiboa izan dute HBPak dituzten ikasleen garapen emozionalean, afektiboan, parte-hartzean eta besteekiko harremanetan. Ikasle horien autoestimua eta konfiantza-maila hobetu direla antzemateaz gain, ikaskuntza-jarduerekiko motibazioa ere handitu dela baieztatzen dute.
  3. TE, TLD eta koirakaskuntzan egiten den lanaren ondorioz, HBPak dituzten ikasleek beste gelakideen ikaskuntza-eduki berberetan parte hartzen dute, eta ikaskuntza-onura ugari jasotzen dute. Horrela, haien hiztegian, esaldiak egituratzeko gaitasunean, testuingurura egokitutako hitzen aukeraketan, tolerantzian, frustrazioaren kudeaketan eta beste hainbat eremutan hobekuntza nabariak izan dituztela adierazten dute espezialista eta irakasleek. Horrez gain, egokitzapen kurrikularra behar duten ikasleen batezbestekoa nabarmen txikitu da, eta Oinarrizko Bigarren Hezkuntza neurri berezirik gabe amaitzen duten HBPko ikasleen kopurua eta goiko etapetara igarotzea lortzen dutenena handia da ikastetxean.

Ikertzaileek argi adierazten dute, emaitza horiek ikusita, ikastetxe horretan TEak, TLDak eta koirakaskuntza ikastetxeko eguneroko lan-dinamikan txertatzeak HPBak dituzten ikasleak benetako ikaskuntza-egoera inklusiboen parte izatea ahalbideratu duela. 

Egilea: Leire Ugalde