Nancy Hopkins biologo molekularra eta biologiako katedradun emeritua da Massachusettseko Teknologia Institutuan (MIT). Geneek bizitza-luzeran eta arrain helduengan minbiziarekiko duten joera identifikatzen duen ikerketagatik ezaguna da, baita mundu akademikoan emakume zientzialarien aukera-berdintasuna sustatzeko egindako lanagatik ere. Estatu Batuetan, Zientzien Akademia Nazionaleko, Akademia Nazionaleko Medikuntza Institutuko eta Arte eta Zientzien Estatuko Akademiako kide da.
Picture a Scientist dokumentalaren arabera, MITen sartu zenean, duela ia 50 urte, bere lankide maskulinoek tratu hobea jasotzen zutela eta aukera gehiago zituztela ikusten hasi zen; orduan gutxiespenak bere karrera eta beste emakume ikertzaile batzuena baldintzatzen ari zela konturatu zen. Kontua da bere lanarekiko grina zuen emakume hori “genero erradikaleko ekintzaile” sutsua ere bihurtu zela, proposatu gabe.
Aipatutako dokumentalean kontatzen duenez, hasieran, emakume izateagatik diskriminazio hori sentitzen hasi zenean, hain harrituta zegoen, ezen ez baitzekien zer egin. Doktoretza ondokoek teknikari gisa ikusten zuten, eta ez fakultateko kide gisa, eta horregatik itxaronarazten zioten, baita bere ekipamendua erabiltzeko ere. Aldizkarietan artikulu zientifikoak argitaratzen hasi zenean, bere aurkikuntzengatik kreditua lortzeko arazoak zituela konturatu zen, baina lanean jarraitu zuen. Titulartasuna lortu ondoren, arazoak areagotuz joan ziren eta ekitea erabaki zuen. “Okerrena konturatzea da, onartzen zaila den zerbait da”.
Laurogeita hamarreko hamarkadan, MITeko emakumetalde bat eztabaidak antolatzen eta desberdintasuna aztertu eta borrokatzeko batzordeak eratzen hasi zen. 1999an, txosten bat idatzi zuten, MITen buletinean argitaratu zutena eta oihartzun handia izan zuena: komunikabideak adierazpenak eskatzen hasi zitzaizkien eta antzeko arazoak zituzten munduko leku guztietako emakumeen idazkiak jaso zituzten. Argi zegoen arazoa unibertsala zela.
2018tik, MITeko beste kide batzuekin batera eta Boston Biotech Working Group-en bidez, Nancy Hopkins lanean ari da bioteknologiako enpresetako administrazio-kontseiluetan parte hartzen duten emakumeen kopurua handitzeko eta ikertzaileek beren konpainiak sortzeko bide gehiago irekitzeko.
Picture and Scientist lanean, James Watsonen laborategian praktikak egiten ari zen 19 urteko neska bat zela Nancy, Francis Crick Nobel saridunak bularrak ukitu zizkion, eta, ondoren, ezer gertatu ez balitz bezala, zertan ari zen galdetu zion. Hain txunditurik eta lotsaturik geratu zen, non ez baitzuen jakin zer esan edo egin. Ikertzaileak Ana Hernandok INSCrako egindako elkarrizketan adierazi zuenez, “Gainera, nori esango nion eta zer esango nion? Garai desberdina zen. Sexu-jazarpena terminoa ez zen existitzen. Nik ere ez nekien zer zen”. “Orain oso desberdina da. Emakumeek edozer gauza egin dezakete. Hala ere, oraindik zailagoa da guretzat, familiaren ardura handiagoengatik eta oraindik dauden genero-aurreiritzi batzuengatik, baina dena askoz hobea da orain”.
Ikerketan jardun nahi duten gazteei zera esaten die irmo: “Egin ezazu! Ez izan zalantzarik! Zientzialari izatea izan da nire bizitzako pribilegiorik handiena. Ezagutzen dudan lanbiderik zoragarriena da. Zientzialari izatea lortzen duen edonor zorionekoa da”. Dagoeneko ez du laborategia zuzentzen erretiroa hartu duelako, baina bere ustez “zientzialariok ez gara inoiz erabat erretiratzen”. Gainera, esparru zientifikoan emakumeei eragiten dieten generoberdintasunarekin lotutako gaiak lantzen jarraitzen du.
Egilea: Luisa Mari Puertas