Pertsona guztiak desberdinak gara. Gure arteko ezberdintasunak oztopotzat har daitezke, baina helburu berberak lortzeko bide desberdinak egin beharra besterik ez dute zehazten. Helen Keller, gor-itsua, gai izan zen bere garaiko gizarteari erakusteko gaitasun handiak zituela idazle, hizlari eta aktibista politiko gisa.
Helen Adams Keller (Tuscumbia, Alabama, 1880 – Easton, Connecticut, 1968), desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen eskubideen alde egindako borrokagatik da ezaguna. Haur goiztiarra izan zen, gurasoek diotenez, zazpi hilabeterekin esan zuen lehen hitza: ura. Baina, 19 hilabete zituela, ikusmena eta entzumena galdu zituen, gaixotasun baten ondorioz, meningitisa ziurrenik. Horrek haren bizitza ozpindu zuen. Gaixotasunaren ondorio horiek eragotzi egiten zioten familiarekin komunikatzea. Sentitzen zuen ezintasunak, gehiegizko babesaz hezia izatearekin batera, etengabeko haserre-erasoak eta sufrimendu jasanezina eragiten zizkion.
Hala ere, bere desioak keinuen bidez adierazten hasi zen. Zazpi urterekin Helenek gutxi gorabehera 60 zeinu erabiltzen zituen. Haren ama espezialistekin harremanetan jarri zen, eta, azkenik, Anne Sullivan ezagutu zuten. Anne eskolako ikasle ohia zen, eta hark ere bost urte zituenean ikusmena galdu zuen, baina bi operazioren ondoren berreskuratu egin zuen. Anne Sullivan Helen Kellerren maistra eta laguna izan zen, eta komunikatzeko gaitasuna eta askatasuna eman zizkion. Helenek gogoratu zuen: «Pixkanaka-pixkanaka inguruko isiltasunera eta iluntasunera ohitu nintzen, eta ahaztu egin zitzaidan noizbait desberdina izan zela, bera -nire maistra- nire izpiritua askatzera iritsi zen arte».
Hala ere, prozesu hori ez zen erraza izan. Hasieran, Annek, eskuan, objektuen alfabetoa eta izenak erakusten zizkion, baina Helenek ez zuen ulertzen hitz bakar bat zegoela objektu bakoitzerako. Baina egun batean, lorategian, urarekin izandako kontaktuaren bidez, ‘ur’ hitza maistrak esku ahurrean egiten zituen mugimenduekin lotu zuen.
Hasieratik, Anne beste edozein umeri bezala joaten zitzaion Heleni, baina hitzak, esan beharrean, eskuan letreiatzen zizkion. Urte batzuk geroago, Kellerrek haren «ulermen, adimen eta ukimen bereziagatik» goraipatu zuen. Garai hartan hasi zen ideia abstraktuak hautematen, hitzak ere sentimendu bat adieraz zezakeela ulertu zuenean.
Letreiatze arina lortu ondoren, Sullivanek letrak erliebean zituzten kartoi txikiak eman zizkion, hitzak ordenatzeko eta otoitz laburrak egiteko. Ondoren, Helenek aritmetika-, zoologia- eta botanika-eskolak jaso zituen bere maisuaren laguntzarekin. Geroago, historia, matematika, greziera, frantsesa, alemana, latina… etorri ziren; izan ere, jakintza guztiak interesatzen zitzaizkion.
Braille irakurketa-sistema ikasteak leiho bat ireki zion Dickens, Molière, Racine, La Fontaine, Homero, Kipling edo Shakespeareren lanetara, gogo biziz irakurtzen zituenak. Baina zaletasun fisikoak ere bazituen, hala nola igeriketa, piraguismoa, mendi-ibilaldiak eta antzerkia. Erronka berriak bilatzen zituen beti.
Ondoren, Sara Fullerrek Tadoma izeneko metodoaren bidez lagundu zion. Helenek metodo hori praktikatu zuen Annerekin, eta, azkenik, bere eztarria artikulatzeko gai izan zen hitzak esateko. Eta 1890ean, oratoria-eskolak hasi zituen.
1894tik 1896ra, Keller Wright-Humason Gorren Eskolan izan zen New Yorken. Bertan, bere komunikazio-trebetasunak hobetzen lan egin zuen, eta ikasgai akademiko erregularrak ikasi zituen. Horrek Radcliffe Collegen ikastea ahalbidetu zion, Harvardeko Unibertsitatearen zentro femeninoan. Bertan, kontzentrazio-gaitasun handia, oso memoria ona eta kemen handia aplikatu zituen. Cum laude graduatu zen, eta unibertsitateko titulu bat lortu zuen lehen gor-itsua bihurtu zen.
New Yorken, Hellenek, George Kesslerrekin batera, Helen Keller International Fundazioa sortu zuen, itsuen bizi-kalitatea zaintzeko asmoz. Haren ahaleginaren indarra funtsezkoa izan zen pertsona horien bizi-baldintzak hobetzeko. Garai hartan itsutasuna oso gaixotasun arrunta zen, pobrezia handia zegoelako.
Bizitzan zehar bakezalea, arrazakeriaren aurkakoa eta giza eskubideen defendatzaile aktiboa izan zen (1920an American Civil Liberties Union sortzen lagundu zuen), bereziki emakumeen eskubideena (jaiotza-tasa kontrolatzearen eta emakumeen sufragioaren aldekoa), Emmeline Pankhursten eraginpean. Baina, batez ere, dibertsitate funtzionala zuten pertsonen eskubideen alde borrokatu zen.
Kellerrek, Sullivanen laguntzari esker, mundu-mailako hizlari eta idazle ospea lortu zuen. Bere bakezaletasunak Hiroshima eta Nagasakira eraman zuen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, eta borroketan ikusmena edo entzumena galdu zuten soldaduak bisitatu zituen, haiek animatzeko asmoz.
Hamalau liburu argitaratu zituen, The Story of My Life barne, gaur egun Estatu Batuetako eskola askotan derrigorrezko irakurketa dena. The World I Live In (1908) lanean bizitzarekiko sentimenduak kontatzen ditu, Out of the Dark (1913) lanean sozialismoari buruz hitz egiten du, eta My Religion (1927) bere autobiografia espiritualtzat hartzen da. Gainera, 475 artikulu eta saiakera baino gehiago argitaratu zituen.
1932an, Helenek mugak gainditu zituen, Erresuma Batuko Itsuentzako Errege Institutuko presidenteorde izendatu zutenean. Bizitzan zehar, ohore asko jaso zituen bere lorpenen omenez, haien artean, Honoris causa doktoretza Temple, Harvard, Glasgow, Berlin, Delhi eta Witwatersrand-eko unibertsitateetan.
Helen Keller kasu aparta izan da, istorio liluragarri eta paregabea, buru distiratsua, hizlari, idazle eta aktibista gisa nabarmendu zena, gorra eta itsua izan arren. Nolanahi ere, ezin da ulertu haren bizitza bost hamarkadatan berarekin elkartuta egon zen Anne Sullivan emakumearen nortasun baliotsua kontuan hartu gabe.
Egilea: Alfonso Caño