Ahots guztien, pertsona guztien parte-hartzeak ikastetxeetako bizikidetza hobetu dezake, eta hobekuntza hori harago eraman, auzoetara, etxeetara, hau da, komunitate osora. Serradell eta kideek argitaratutako artikuluan, emakume marokoarrek gatazkak prebenitzeko eta konpontzeko eredu dialogikoa aplikatzeko prozesuan duten parte-hartzearen ikerketaren berri ematen da. 

Krisi ekonomikoak eragin handia izan zuen zenbait kolektibotan, eta ikerketa horretan Kataluniako eremu baten egoera aztertu da, non bizilagunen % 85 atzerritarrak diren, hain zuzen ere, Marokokoak. Europan bizi diren emakume marokoarrek profil heterogeneoa dute, baina kasu gehienetan oso talde kaltetua da, bere erlijio-, genero- eta migrazio-baldintzengatik.

Artikuluak emakume horiek sortzen dituzten elkartasun-sareak erakusten ditu, bai eta inpaktu hori lortzen laguntzen dieten estrategiak ere, batez ere haur eta gazteen arteko indarkeria-egoerak prebenitu eta konpontzeko. Emakume marokoarraren zeregina funtsezkoa da gatazkak prebenitzeko. Indarkeriaren konponbidea eredu komunitarioa izan daiteke. Eredu horrek ahots guztiak biltzen ditu, eta ebidentzia zientifikoetan oinarrituko jarraibideak ematen ditu, ikastetxe barruan edo kanpoan gertatzen diren gatazketan esku-hartze egokiak egiteko. 

Aztertutako eskolaren antolaketa dialogikoak lehentasuna ematen dio komunitateko kideen, batik bat emakumeen,  parte-hartzeari, eta berdintasunezko elkarrizketa emaitza horiek lortzen laguntzen duen funtseko tresna bihurtzen du. Eskolan erabaki egokiak hartzeko prozesuetan familiak presente eta aktibo egoteak erraztu egin du emakume marokoarren parte-hartzea bizikidetza-eredu dialogikoaren aplikazioan, eta testuinguru horretan gatazkak nola konpondu diren azaltzen du. 

Ama marokoar horiek bizikidetza-batzordean parte hartzen dute, irakasle eta ikasleekin batera. Une horretan eskolan gertatutako arazoei buruz hitz egiten da, eta guztiok batera konponbideak bilatzea da helburua. Kasu gehienetan, eskolan gertatzen diren arazo horiek auzoari eragiten diote, eta, alderantziz, auzoan, ikastetxetik at gertatzen diren arazoak eskolara heltzen dira, eta burla eta larderia bihurtu. Bizikidetza-batzorde horietan parte hartzen duten emakumeek eta familiek eskolan hartutako konpromisoak etxeetan eta auzotegietan ere ezartzen dituzte. Emakume horiek berezkotzat hartzen dituzte arau horiek, eta koherentziaz aplikatzen dituzte eguneroko espazioetan, liskarrak gelditzeko boterearekin, nahiz eta seme-alabak tartean ez egon. Gatazken prebentzioaren lider bihurtzen dira, eta agentziaren eta eraldatzeko gaitasunaren ebidentziak aurkezten dituzte. 

Nahiz eta gizarte-bazterketa handia jasaten duten, prozesu horiekin eredu bihurtu dira beren seme-alabentzat, beste emakume batzuentzat eta haien komunitatearentzat. Arauekin duten konpromisoaren ondorioz, askotan erasotzaileen inguruko isiltasuna hausten dute biktimei lagunduz. Gertatzen denaz beste pertsona batzuekin hitz egiten dute, baita irakasleekin ere, eta arazoak eskolatik kanpo gertatu arren, elkarlan komunitarioa sortzen dute, indarkeriaren biktima guztiek behar duten laguntza-sare estu bihurtzen ari dena.

Eskola hori ikas-komunitate bihurtzeak antolaketa mota aldatzea ekarri zuen, eta nazioarteko komunitate zientifikoak landutako hezkuntza-jarduera arrakastatsuak gauzatzen dituen komunitateari irekitako eskola bihurtu zen. Hala, eskola-komunitatearen parte izanda, emakumeek prestakuntza jasotzeko eta parte hartzeko aukera ikusten dute.  Bizikidetza-araua eurena dela sentitzen dute, hura definitzeko, hobetzeko eta ezartzeko prozesuetan parte hartu dutelako. 

Eskolan parte hartzen duten pertsona guztiek, bai familiek, bai irakasleek, helburu bera dute, ikasleak hobeak izatea. Helburu komuna hori izatea ate ireki bihurtzen da, elkartasun-sare sendoak ezartzeko aukera ematen duelako, ez soilik emakumeen artean, baita sinesmen, ideologia, lanbide edo hezkuntza-maila desberdineko pertsonen artean ere.

Egilea: Carlota Oteo