Save the Children-ek gazteen eduki sexualen kontsumoa eta horrek euren harreman eta garapenean duen eragina aztertzeko “(Des)informazio sexuala: pornografia eta nerabezaroa” txostena idatzi du. 

Ikerketan 13 eta 17 urte arteko 1753 gaztek parte hartu dute, eta horietako gehiengoak eduki pornografikoak euren esperientzietarako inspirazio-iturri gisa erabiltzen dituztela aipatu du. Are gehiago, euren sexualitateari buruzko informazio-iturri bakarra direla aitortu dute. 

Txostenaren arabera, gazteak 12 urterekin hasten dira pornografia ikusten eta % 70ek maiz kontsumitzen du. Pornoaren erabilera gehienetan bakarrik daudenean ematen da, eta mugikorraren bidez; normalean doako edukiak ikusten dituzte, non gehienetan indarkerian eta desparekotasunean oinarritzen diren. Halaber, azpimarratzekoa da lehen kontsumoa lagunen arteko hartu-emanetan izan ohi dela, bai Whatsapp-en bai sare sozialen bidez.

Txostenaren arabera, mainstream pornografia gizon heterosexualei zuzenduta dago eta desparekotasunean eta autoritatean oinarritzen da. Horren bidez, nerabeen desira sexualaren zutabeak irrealak eta indarkerian eta desparekotasunean oinarritutakoak bihurtzen dira. 

Egoera aztertuta, Save the Childrenen txostenak hainbat eragileri zuzendutako aholkuak eskaintzen ditu. Alde batetik, botere publikoei indarkeriaren aurrean haurtzaroa eta nerabezaroa modu integralean babesteko lege organikoaren proiektua onartzeko eskatzen die. Horrekin batera, hezkuntza afektibo-sexuala, hiritartasun digitalean heztea, eduki pornografikoetarako sarrera erregulatzeko mekanismoen ezarpena, sentsibilizazio-kanpainak, prebentzio-politikak eta jarduteko protokoloak diseinatzea eta haurtzaroaren aurkako indarkeriaren erregistro bateratua izatea aldarrikatzen du.

Bestetik, bai nerabeei, familiei, hezkuntza-eragileei, osasun-profesionalei, bai gizarte osoari zuzendutako aholkuak ematen ditu, denon erantzukizuna baita gaitz horri aurre egitea. Gomendioen artean, hezkuntza afektibo-sexuala, konpetentzia digitala eta nerabeen ahalduntzea azpimarratzen ditu.

Ez dago zalantzarik, sasoia da ebidentzietan oinarritutako hezkuntza afektibo-sexuala garatzeko ikastetxeetan, ikuspegi osoko programak generoan oinarritutako indarkeriari aurrea hartzeko, eta, ikuspegi horretatik, pornografiak nerabeen artean duen eragina eta  baimena ematearen gaiak asko landu behar dira diskurtso hertsatzailetik at, erabaki askeak, berdinzaleak eta osasuntsuak hartzen ikasteko.

Egilea: Laura Alvarez