II. Errepublikaren erreformaren eta XIX. mendearen amaieratik 1936ra arteko borroka feminista garaian, Maria de Maeztu emakume prestatuenetariko bat izan zen, eta bizitza osoa eman zuen hezkuntzaren bidez emakumearen emantzipazioa eta ahalduntzea lortzeko: “Egin beharreko lehen zeregina gure emakumeak prestatzea da, eta, noski, konfiantza dut hezkuntzan, bide bakar eta esklusibo gisa, orain arte susmatu gabeko mundu berriak deskubritzeko indarra emango diona”.

Maria de Maeztu Whitney (Gasteiz, 1881 – Mar del Plata, 1948), familia kosmopolita eta liberal batean jaio zen. Haren ama, Juana Whitney, emakume indartsua, aktiboa eta ekintzailea izan zen, eta ideia aurreratuak izan zituen. Mariarentzat independentziaren adibidea izan zen ama; alargundu zenean, bere bost seme-alabekin Bilbon kokatu zen eta maistrentzako akademia anglo-frantziar bat (Academia Maeztu) ireki zuen. Han izan zuen Mariak lehen kontaktua irakaskuntza- eta pedagogia-munduarekin.

1902an maistra titulua lortu eta Bilboko langile-auzo bateko eskola publiko batean lan egin zuen. Bertan, Institución Libre de Enseñanzaren printzipioak praktikara eraman zituen.

Prestakuntzarekin jarraitu zuen, lehenik ikasle ez-ofizial gisa (1910era arte emakumeak ezin ziren unibertsitatean askatasunez matrikulatu, agintarien aldez aurreko baimena lortu behar zuten) Filosofia eta Letren ikasketak egin zituen Salamancako Unibertsitatean. Azkenik, Madrilera joatea eta Irakasleen Goi Mailako Eskolako lehen promozioan matrikulatzea erabaki zuen; han, Ortega y Gassetek ematen zituen eskolak. Junta para Ampliación de Estudiosekin harremanetan jarri zen, eta erakunde hark hainbat beka eman zizkion, atzerrira joateko aukera izan zuen. Horri esker, Ingalaterran, Belgikan, Alemanian, Suitzan eta AEBn ikasi ahal izan zuen, eta lehen eskutik ezagutu zituen metodo pedagogiko aurrerakoiak.

1915ean La Residencia Internacional de Señoritas ireki zuten (Institución Libre de Enseñanzaren bertsio femeninoa), eta Maria de Maeztu aukeratu zuten zuzendari. Maeztuk Women Colleges amerikarren eredua kopiatu nahi zuen, College ingelesak baino liberalagoak baitziren. Bere helburuak Estatu Batuetan Susan Huntingtonek zuzentzen zuen Nazioarteko Institutuarekin partekatzen zituen. Hutingtonekin izan zuen harremanaren emaitza izan ziren herrialde hartara egin zituen bidaiak, eta haiekin lortu zuen atzerrian emakumeentzako lehen ikasketa-programa ezartzea: ikasle-trukea, atzerriko irakurletzak, ikerketa-bekak eta laborategietako eta bibliografiako materiala trukatzea.

Madrilen ikasketak egiten ari zen 17 urtetik gorako edozein emakume sar zitekeen Residenciara. Arrakasta erabatekoa izan zen, eta laster gainditu zuen lizentzietako eta doktoregoetako ikasleen kopuruak maisu-maistren kopurua. Ikasle espainiarrentzako eta atzerritarrentzako aterpetxe bat izateaz gain, unibertsitateko prestakuntza osatzen zuen leku bat zen. Maeztuk berak Pedagogia eta Filosofia eskola osagarriak ematen zituen. Hantxe, tertuliak, irakurketak, hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak eta abar antolatzen ziren, eta nazioarteko mugimendu feministarentzat ere erreferentziazko lekua izan zen, Emakumeen Elkarte Nazionalarekin lotuta zegoen eta. Besteak beste, Gabriela Mistral, Marie Curie edo Maria Montessori egon ziren La Residencian.

Mariak garai hartan emakume batentzat pentsaezinak ziren maila profesionalak lortu zituen; adibidez, 1919an Smith College bisitatu zuen, Massachusettseko Northampton hirian dagoen emakumeentzako unibertsitatea, eta bisita horretan Honorary Degree of Law, LL.D eman zioten, Doctor Honoris Causaren modukoa.

1921ean Clara Campoamorrekin batera Emakume Unibertsitarioen Federazioa sortu zuen, Maeztu presidenteordea izan zen eta Campoamor idazkaria.

Aldi berean, Maria de Maeztuk Instituto Escuelako sailetako bat zuzendu zuen, non bere ideia pedagogikoen sorta are gehiago zabaldu ahal izan zuen. Institutu esperimental hori bigarren hezkuntzako zentro ofizial gisa sortu zen, non ikasketa-planak eta hezkuntza-metodoak entseatu ziren, ondoren Espainia osoan ezartzeko asmoz. Harentzat, garrantzitsuena ez zen ikasleek entzutea eta errepikatzea, baizik eta gogoeta egitea, egiaztatzea eta gauzatzea. 

1926an, Lyceum Club Femeninoko zuzendari-kargua bete zuen, berak eta elite kulturaleko emakume-talde batek sortua, emakumeen eskubideen defentsan aitzindariak zirenak. Lyceum kultur trukerako, emakumeen arteko gizarte elkarbizitzarako eta emakumearekiko erreforma juridiko eta sozialak aldarrikatzeko plataforma izan zen. 1939an, diktaduraren gobernuak Lyceum ezabatu zuen eta Medina Club bihurtu zuen, Falangearen Sección Femeninaren barnean. 

Gerra Zibilaren hasierarekin batera eta Ramiro anaiaren fusilamenduaren kolpe gogorraren ostean, Maria de Maeztuk Buenos Airesera emigratu zuen.

“Eskatzen dugun bakarra” artikuluan, La mujer moderna aldizkarian argitaratua, emakumearen askapenaren aurrean zuen jarrera azaltzen zuen: “Feminista naiz; lotsatu egingo nintzateke hala ez banintz, uste baitut pentsatzen duen emakume orok, pertsona gisa, giza kulturaren obra osoan laguntzeko gogoa sentitu behar duela”.

Egilea: Alfonso Caño

alfonso