Maitemintzearen plazererako dugun eskubidea

Psikologiak beti izan du interes handia pertsonen bizitza afektibo-sexuala eta harremanak hobetzeko. Ildo horretatik, Elizabeth Torras eta kideen ikerketan harremanetako diskurtso hertsatzailea aztertzen dute berdintasunezko harremanak eta maitemintzeaz gozatzeko eskubidea lortzeko. Diskurtso hertsatzaile horrek boterezko harremanak eszitazioarekin eta pasioarekin lotzen ditu, eta berdintasunezko harremanak komenigarri gisa eta pasiorik gabe aurkezten ditu. Baina ikerketa horren ondorioak itxaropentsuak dira, berdintasunezko harremanetan grina handiagoa senti daitekeela adierazten duelako eta maitemintzean plazera sentitzeko dugun eskubidea aldarrikatzen duelako. 

Ikerketa horretan, 20 eta 29 urte bitarteko 13 emakumek parte hartu zuten. Haien artean, diskurtso hertsatzailea arbuiatzen zuten neska batzuk zeuden, berdintasunezko harremanetan plazera sentitzen zutenak (M1). Bestalde, harreman hertsiak izan zituzten parte-hartzaileek (M2) berdintasunezko harremanetan eszitaziorik sentitzen ez dutela onartzen dute, eta plazera, berriz, lehenengoen botere-izaerarekin lotzen dute. Azkenik, hasiera batean hertsapeneko harreman sexual-afektiboak izan zituzten parte-hartzaile batzuek (M3) harreman horietatik plazera bereiztea eta haiekin haustea lortu zuten.

M1eko emakumeek, nerabezaroan, diskurtso hertsatzaileak “mutil guay” gisa deskribatzen zituenekin noizbehinkako harremanak izateko presioa arbuiatu zuten, eta harremanak izateko berdintasunezko bikoteak bilatu zituzten, hots, etika eta desioa lotu zituzten. Partaide horiek txikitatik izandako idealak harremanetarako mantentzen zituzten, eta plazera euren harreman erromantikoei lotzen jarraitzen zuten. Haien bikotekideak solidariotzat eta ontzat jotzen dituzte, baina baita erakargarritzat eta grinatsutzat ere. 

Aitzitik, M2ko parte-hartzaileek plazera diskurtso hertsatzailearekin lotzen zuten. Haiek ere mutil “gaiztoekin” ligatzeko parekoen presioa deskribatzen dute, eta emakume horiek adierazten zuten harreman horiekin haien parekoek sozialki gehiago balioestea espero zutela. Horrekin batera, gogoratzen zuten gozamenik gabeko harreman afektibo-sexualak edo gustuko ez zituzten bikoteak aukeratu zituztela. Horrelako egoeretan, eszitazioa “ehizan” aurkitzen da, ligatzeko momentuan eta haien lagunekin partekatzeko orduan interesgarria izango dela pentsatzen baita. Nahiz eta harreman egonkorretarako berdintasunezko harremanak nahiago zituztela esan, “mutil gaizto” batekin pasio handiagoa izango zuketela pentsatzen jarraitzen zuten.

Azkenik, M3ko partaideek diskurtso hertsatzailearen presioen biktimak izan zirela azaltzen zuten. Hala ere, M2ko partaideek ez bezala, M3koek erabat onartzen dute, harreman horietan plazer falta bizi izan ondoren, diskurtso hertsatzailearen presioekin haustea eta haien arteko harremanak eraldatzea lortu zutela. Gainera, emakume horiek diotenaren arabera, berdintasunezko harreman berrietan plazer handiagoa sentitzen zuten. 

Beraz, diskurtso hertsatzailearen eraginari buruzko kontzientzia kritikoa garatzea funtsezkoa da. Izan ere, M3ko emakumeek ematen dituzten lehen eskuko narrazioetan agerian uzten dute harreman hertsietan plazera falta zela eta haien maitemintzearen plazererako eskubidea berreskuratu zutela. 

Beste aldetik, M1eko parte-hartzaileen narrazioak lagungarriak dira, libreki, eredu hertsatzaileak erakargarritzat aurkezten dituen gizonekin ez egotea erabakitzen duten neska eta emakume guztiak ahalduntzeko. Gainera, erakusten dute ez dela beharrezkoa behartutako harremanen ondorio negatiboak pairatzea horiek arbuiatzeko.

Aurkikuntza horiek ikerketa-bide berri bat irekitzen dute, harreman hertsietan plazer falta agerian uzten duena eta maitemintzearen plazererako dugun eskubidea aldarrikatzen duena.

Egilea: Garazi Álvarez

garazi alvarez

Be the first to comment on "Maitemintzearen plazererako dugun eskubidea"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*