Harvadeko Unibertsitateko Haurraren Garapenerako Zentroa 2006. urtean sortu zen Jack P. Shonkoffen eskutik. Ezagutza zientifikoa sortzea, itzultzea, aplikatzea eta zabaltzea izan dira hasieratik izan dituen eginkizunak.

Ikerkuntzan puntakoa den zentro horretan zientzian oinarritutako berrikuntzak bultzatzen dituzte, betiere haurren garapena hobetzeko asmoz.

Aurkezten dizuegun webgune honetan haur-hezkuntzaren ikerketan egiten ari diren lorpenak era argi eta zehatzean ezagutarazten dizkigute, ideia konplexuak modu erraz, erabilgarrian, formatu eta hizkuntza anitzetan aurkeztuz, irakasleen zein gurasoen artean zientzian oinarritutako berrikuntzak hedatzeko asmoz.

Webgunean sartzera eta nahastera gonbidatzen zaituztegu, baina, aperitibo moduan, hemen aurki ditzakezue adibide batzuk:

Bilakaera mentalaren 5 pausu, Sakea eta Bolea

Helduaren eta umearen artean sortzen diren interakzioak joan-etorrikoak izaten dira sarri eta edozein ikaskuntzarako, eta ondorengo bilakaerarako ere ezinbestekoak dira. Horri “sakea eta bolea” deitzen zaio eta jokoan aritzeko bi pertsona behar dira.
5 pausutan nola praktikatu daitekeen azaltzen digute bideo labur honetan.

Funtzio betearazlea – bizitzarako eta ikaskuntzarako trebetasunak

Funtzio betearazlea eta autorregulazioa zer diren, horien adibide batzuk, nola bilakatzen diren… eta haurren etorkizuna arrakastatsua izan dadin nolako eragina duten bi formatutan azaltzen digute, artikulu eta bideo batean (gazteleraz ere badago).

Haurren Garapen goiztiarrean giltzarri diren hiru kontzeptu

Neurozientzian, biologia molekularrean eta genomikoan egin diren aurrerapenei esker, esperientzia goiztiarrek gure gorputzean eta burmuinean duten eragina hobeto uler daiteke. Azpititulatuta dauden hiru bideo laburretan deskribatzen digute prozesu hau:

  • Esperientziek burmuineko arkitektura eraikitzen dute.
  • “Eman eta itzuli” elkarreraginek garun-egiturari forma ematen diote.
  • Estres toxikoak garapen osasungarria galarazten du.

Super Burmuina

“Super Cerebro” gazteleraz dagoen hiru minutuko bideoan familian eta komunitatean dauden hainbat pertsonaren ekintzek haur baten garapenean duten eragina erakusten da.

Egilea: Karmele Urrutia