Maitane Alonsorekin hizketan

Sodupetik izarrartera igaro den emakume, gazte eta zientzialaria dugu Maitane Alonso Monasterio. Medikuntzako bigarren maila ikasten dihardu Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), jendearen bizitza eta mundua hobetzeko ilusioz. Bere proiektuak, “Nola kontserbatu elikagaiak ahaleginean huts egin gabe?” izenekoak, hainbat sari lortu ditu, besteak beste, Massachusettseko Institutu Teknologikoak (MIT) antolatutako zientziaren eta teknologiaren mundu-mailako txapelketan jasangarritasunaren lehenengo saria eta mikrobiologiako bigarrena.

  • Zeri buruzkoa da “Nola mantentzen dira elikagaiak ahaleginean hil gabe?” proiektua NASAri berari deigarri egiteko?

Proiektua elikagaiak kontserbatzeko metodo berria da. Metodo hori erabiliz, jakien iraungitze-data luzatzeaz gain, produktu kimikoen erabilera murriztu dezakegu. Izan ere, gaur egun produktu  kimiko horien erabilera okerra edota gehiegizkoa da, eta azken batean jaten duguna gara. Gainera, metodo hori erabiliz etxe guztietan plastikoen erabilera murriztu genezake eta hori oso garrantzitsua da garapen jasangarriari begira, ez baitugu ordezko planetarik bizitzeko eta gurea zaindu behar baitugu. Horrez gain, proiektuak abantaila ekonomikoak izan ditzake etxeetan eta industrian, modu azkarragoan kontserba ditzake elikagaiak eta gaur egun botatzen dugun janari guztia arlo sozialean erabil genezake behar dutenei laguntzeko. Medikuntza-arloan ere hobekuntzak egon daitezke aurten egingo ditudan esperimentuekin. Horien bitartez, hainbat gaixotasun ekidin daitezkeela frogatzeko asmoa dut. 

  • Zerk eraman zintuen proiektua garatzera?

Egia esateko proiektua kasualitatez hasi zen. Izan ere, nire aitari pila bat gustatzen zaio barbakoak egitea. Gu bost gara etxean, baina herri osoa gonbidatzeko asmoa izango balu bezala prestatzen du bazkaria. Egun batean haren bazkari bateko hanburgesak gosaltzen ari nintzen eta nahikoa zela pentsatu nuen. Ikertzen hasi nintzen eta konturatu nintzen gaur egun munduko produkzioaren % 30 botatzen dugula kontserbazio-arazoengatik. Egoera horrekin oso larrituta nengoelako hasi zen proiektua. Izan ere, ez zitzaidan bidezkoa iruditzen janari hori botatzea jendea gosez hiltzen ari den bitartean.

  • Nork lagundu dizu ametsa egia bihurtzen?

Nire familia izan da ametsa egia bihurtzen lagundu didana. Hasiera batean proiektuak ez zeukan babesik eta hasiera-hasieratik proiektuan eta nigan sinetsi zuten. Gainera, txikitatik sustatu naute ikertzera eta ikastera, eta mundua aldatzeko grina piztu didate. Proiektuak sariak irabazten zituen heinean eta bidaiatzen hasi nintzenean, laguntza ekonomikoa behar izan nuen saria eman arren inork ez zituelako gastuak ordaintzen. Nire familia izan da aurrera eramaten lagundu didana, eta horrez gain ni ere lanean hasi nintzen ikerketa finantzatzeko. Denbora igaro ahala, hainbat enpresak (Kilse SL, Ameztoi Anaiak, Harakintza eta Luis Thate) eta Gueñeseko udalak ere lagundu didate ametsa bilakatzen.

  • Nork sustatu du zuregan ikertzaile-grina? 

Nik beti pentsatu izan dut guztiok jaiotzen garela ikertzeko grinarekin. Ume txikiak beti ibiltzen dira ikertzen, sortzen… Hala ere, gure gizarteak txikitatik mugak ezartzen dizkigu jakiteko grina itzali arte. Nik zorte handia eduki dut daukadan familiarekin. Izan ere, guztiok gure barnean daukagun ikertzaile-grina mantentzeko gai izan dira. 

  • Erreferenterik al duzu zientzia-munduan? 

Ikerketa eta zientzia mundua ez da erraza. Miresgarria iruditzen zait arlo horretan lanean dagoen edonor. Azken batean, zientzia-mundua guztion artean hobetzeko modu bat da. Hortaz, ezinezkoa iruditzen zait erreferente bakarra aukeratzea. Hala ere, nik erreferente gisa hartuko nituzke babesik gabe hasi ziren guztiak. Izan ere, posible da hutsetik hastea eta mundua aldatzea lortzea. Gakoa ilusioa da. Batez ere, miresgarria iruditzen zait hainbeste gaztek egiten duten ikerketa-lana, inongo laguntzarik gabe hasi eta ekinaren ekinez eta ilusioz gure gaur egungo mundua hobetzeko irtenbideak lortzen baitituzte.

IAM taldea nik osatzen dut eta izena ingelesetik etorritako hitz-joko bat da. Horrekin esan nahi nuen esfortzu eta ilusioarekin bakoitzak nahi zuena izan zitezkeela, gure ametsak lortzeko mugarik ez dugula, alegia. Horren barnean nire proiektu guztiak jarriz joango naiz.

  • IAM taldearen asmakizuna oso garrantzitsua gerta liteke gure planetaren jasangarritasunerako, elikagaien usteltzea ekidingo bailitzateke. Zer fasetan dago zuen gailua? Noiz uste duzu egon litekeela salgai? Zerk arinduko lituzke ekoizte- eta salmenta-lanak?

Gailua memento honetan ikerketa-fasean dago oraindik. Aurten ikerketa gehiago egingo ditut metodo berri horrekin gaixotasunak ekidin daitezkeela baieztatzeko UPV/EHUko mikrobiologiako laborategian. Asko gustatuko litzaidake merkatura ateratzea, batez ere gure gizartean sor ditzakeen abantailengatik. 

  • Zure ustetan, zer egin liteke eskoletan ikertzeko grina sustatzeko?

Nire iritziz, eskoletan ikerketa sustatu beharko genuke. Izan ere, gaur egungo sistemak gehienbat liburuan dagoena bakarrik buruz ikastera behartzen zaitu. Nire ustez, ez dauka zentzurik guztia buruz ikasteak gure kabuz pentsatzeko gai ez bagara. Pentsamendu kritikoa ere landu beharko genuke gaur egungo arazoetarako irtenbideak lortzeko. Oso garrantzitsua iruditzen zait txikitatik daukagun sortzeko eta ikasteko ilusioa mantentzea. Eskoletan ez litzateke trabarik egon beharko, babestu egin beharko litzateke. Horrez gain, ikertzaile gazteak bultzatu eta lagundu beharko genituzke. Ereduak eskain genitzake, horien bidez ikerketaren inguruan dauden estereotipoak apurtu genitzake eta ikasleek ulertuko lukete gauzak ez direla beti errazak izango eta garrantzitsuena pasioarekin aurrera jarraitzea dela, zailtasunak edonolakoak izanda ere.

  • Azken boladan gazteak oso arduratuta eta konprometituta daude gure planetaren etorkizunarekin. Zer eskatuko zenieke hemengo gazteei?

Egia da gaur egun gazteak oso konprometituta eta arduratuta daudela garrantzi handiko auzi ugarirekin, eta estereotipo ugari apurtzen ari dira. Hala ere, nire ustez, ez zaie merezi duten ahotsa ematen. Gazteok badauzkagu ideiak, ilusioa eta batez ere mundua aldatzeko grina, baina laguntza eta ahotsa ezinbestekoak dira. Hemengo gazteei inoiz ez etsitzeko eskatuko nieke. Izan ere, bidea ez da batere erraza izango, baina esfortzuarekin, jarraitutasunarekin eta batez ere ilusioarekin posible da mundua aldatzea.

  • Herriz herri zabiltza zure proiektua eta ezagutzak zabaltzen, zerk egiten dizu ilusio gehien prozesu horretan? (Konta iezaguzu zure esperientzia, herrietan egin duzuna, nork bultzatu zaituen biran joatera eta zein helbururekin…)

Hasiera batean atzerrian konferentziak ematen eta ezagutzak zabaltzen hasi nintzen Txile, AEB,   Argentina eta Europako herrialdeetan. Euskal Herrian Gueñeseko San José azokan hasi nintzen. Izan ere, oso garrantzitsua iruditzen zait zientzia guztion eskura egotea, eta, hortaz, ez da bakarrik kongresu garrantzitsuetan egon behar, baita kaleetan ere. Ume txikienetik pertsona nagusienera, guztiok eduki beharko genuke ikerketen berri, gure adina, egoera, generoa edota arraza edozein izanda ere. Hortik aurrera hainbat herritan hitzaldiak ematen hasi nintzen (adibidez, Balmasedako Cientzia Hitzaldiak), Iruñeko Planetarioan, eskoletan, unibertsitate-egoitzetan eta unibertsitateetan, bai estatu-mailan, bai nazioartean. Madrilen ere egonda nago prentsaurreko bat ematen, eta laster Bartzelonan izango naiz. Zientzia Astean ere Bilbon eta Barakaldon izango naiz hizketan, eta laster hitzaldi gehiagoren datak aterako dira. Ilusio handien egiten didana ikertzaile gazteei ahotsa eman ahal izatea da. Izan ere, gehienetan ez dute merezi duten ahotsa eta laguntza, eta proiektu itzel asko garatu gabe gelditzen dira horregatik. Oraindik bide luzea geratzen zaigu, baina ilusioarekin lortuko dugu.

  • Izarrartean zure izena topatuko dugula entzunda daukagu. Nola da hori posible?

Mundu-mailako mikrobiologiako bigarren saria lortzeagatik MITk nire izena jarriko dio asteroide bati. Egia esateko oraindik sinestezina egiten zait. Izan ere, estatu-mailan oso pertsona gutxi daude euren izenpean asteroide bat daukatenak, eta Cervantes, Dalí, Picasso… bezalakoak dira. Gaur egun Rafael Nadal eta Pedro Duque bakarrik daude bizirik. Niretzat ohore handia da. Izan ere, nazioarteko oso aitorpen garrantzitsua da txokoan hasi zen proiektu batentzat, eta gaur egun, zoritxarrez, hemen ia ez dago horrelako aitorpenik gazteentzat. Espero dut laster laguntza gehiago egotea gazteek euren proiektuak aurrera atera ahal izateko. Izan ere, ikerketa da mundua guztion artean aldatzeko modu bakarra.

 

Egilea: Iraitz Hurtado

Iraitz_kaiera

Be the first to comment on "Maitane Alonsorekin hizketan"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*