Urriaren 19an, Euskalduna Jauregian, ABAO/OLBEk opera denboraldia inauguratuko du. Haren presidentearen eta zuzendari artistikoaren arabera, etorkizunari so eginez, elkarteak etapa berri bati hasiera eman nahi dio. ABAO Bilbao Opera markaren irudi berriak lagunduta, proiektu kulturala sendotu eta zabaldu nahi du, eta horretarako, titulu eta jarduera berriak martxan jarri nahi ditu, betiere euren ohiko kalitatea eta nortasun-marka mantenduz.
68. denboraldiari hasiera emateko, Jessica Pratt, Ismael Jordi eta Juan Jesús Rodríguez abeslari protagonistal eta Riccardo Frizza Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari-lanetan, Lucia di Lammermoor taularatuko da. Bilbon 22 aldiz arrakasta izan duen lan hori Opera Berri programan ere antzeztuko da. Denboraldia bukatzeko, Giampaolo Bisantiren batutapean, Donizettiren beste lan bat ere eszenaratuko dute: Tudor Trilogiako lehen titulua den Anna Bolena. Nabarmentzekoa da inoiz Bilbon ikusi ez diren bi lan programan sartu izana: Verdiren Jérusalem eta Pucciniren La Fanciulla del West. Lehena azaroan eta bigarrena otsailean estreinatuko dira. Urtarrilean, aldiz, Wagnerren Der Fliegende Holländer taularatuko da.
Neska-mutilei bereziki zuzenduta, ABAO Txikik 4 titulu antzeztuko ditu Bilboko Arriaga antzokian: Animalien ihauteriaz amesten, Ali Baba eta berrogei lapurrak, Errauskine eta Guillermo Tell. Gainera, aurreko urteetan bezala, espero da 175 ikastetxetako 20.400 ikaslek programa didaktikoan parte hartzea eta 50 ikastetxetako 3.300 ikaslek eskola-saioez gozatzea. Gazte Programak ere lekua du denboraldi honetan, beraz, neska-mutilek aukera izango dute, neurrizko prezioan, emankizunetara sartzeko eta operan interesatutako beste gazte batzuekin ere erlazionatzeko.
Tutto Verdi edo aipatutako Abonu Programa, Opera Berri, Abao Txiki eta Gazte ABAO programez gain, ABAO/OLBEk opera eraman nahi du biztanleriaren beste sektore batzuetara, eta horretarako, hainbat erakunderekin batera (udalak, emakumeen elkarteak, hainbat mailatako irakaskuntzako profesionalak…), programa kultural eta sozialak aurrera eramaten ari da. Bestalde, beti bezala, opera-emanaldiak baino lehenago, adituek emandako hitzaldietan parte hartzeko aukera egongo da, dohainik.
Egilea: Luisa Maria Puertas