Zientzia-eskubidea ez da eskubide berria. 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 27. artikuluan jasota dago, bai eta 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunaren 15. artikuluan ere. Pertsona guztien eskubidea da bizitza duinago baten alde egiten duten berrikuntza zientifikoak eskuragarri izatea. Hala eta guztiz ere, eskubide hori ez da beti betetzen, adibidez, irakasleen prestakuntzan. Izan ere, askotan irakasle izango direnei ez zaie hezkuntzako aldizkari garrantzitsuenen berri ematen.

Oinarri zientifikoetan hezteak, hau da, teoria eta ikertuta dauden jarduera onenetan prestatzeak, irakaslea argudio pedagogikoetan oinarritzeko  ahalduntzen du, eta horrek ikasleen arrakastan eragin zuzena du.

Aldizkari horietako asko, zoritxarrez, ez daude guztiontzat eskuragarri. Hala ere, zientzian Open Access (sarbide irekia) mugimendua gero eta indar handiagoa lortzen ari da, eta ebidentzia zientifikoak guztion eskura jartzen dituzten iturriak eskaintzen ditu.

Horren adibide argia Frontiers sarbide irekiko editoriala da. Editorial horrek 600 zientzia-diziplinatako eta kalitate handiko ikerketa-lanak argitaratzen ditu. Frontiersen helburua zientzia- eta gizarte-garapena bultzatzea da, kalitatezko ekarpen zientifikoak zabalduz. Hezkuntza-mailan, Frontiers in Education eta Frontiers in Psychology nabarmentzen dira.

Frontiers in Education-en bidez eztabaidarako nazioarteko foro akademikoa eskaini nahi da, hezkuntzari buruzko ikuspegi ikertuei buruzkoa. Aldizkarian hainbat ikuspuntu sustatzen dira, baldin eta ondo diseinatutako ikerketa enpirikoetan oinarrituta badaude.

Frontiers in Psichology psikologiaren eremuko aldizkari handiena da, eta bertan adituek zorrozki ebaluatutako ikerketak argitaratzen dira. Psikologiarekin lotutako zientzia guztiak hartzen dira kontuan: ikerketa klinikoa, zientzia kognitiboa, pertzepzioa, kontzientzia, psikologia soziala…

Erabiltzen duten bilatzailea oso intuitiboa da: nahi ditugun gako-hitzak ipini eta horren ildotik argitaratu diren azken ikerketak agertzen dira pantailan. Interesatzen zaizkigun artikuluak PDF formatuan deskargatu ditzakegu, mundu-mailan aurrera eramaten ari diren aurrerapen zientifikoetan eguneratuta egon gaitezen!

Egilea: Karmele Urrutia

1_karme