XX. mendearen amaieratik, musikak norberaren gogoan duen eragina hainbat ikerketatan aztertu da, famatuena, “Mozart efektua”. Beranduago, beste musikagileen obrak ere aldarterako eta hainbat gaitasunetarako onuragarriak zirela egiaztatu zuten. Hala ere, ikasteko orduan (non oroimenak, arrazoimenak eta ulermenak parte hartzen duten) musikak duen eragina ez zen inoiz ikertu. Beraz, horixe aztertu zuten Caeneko Unibertsitateko eta Koloniako Psikologia Institutuko hiru ikertzailek.
Bi konferentzia-taldetan banatu zituzten unibertsitateko 249 ikasle; horietako batean bakarrik letrarik gabeko musika klasikoa jarri zuten hitzaldiaren bitartean, eta bukaeran test moduko azterketa bat eginarazi zieten guztiei. Konferentzia berdin-berdina izan zen bi taldeentzat,eta ez zitzaien apunterik hartzen utzi.
Emaitzetan ikus daitekeenez, musika klasikoaren taldeak puntuazio nabarmenki hobeak izan zituen beste taldeak baino. Ikertzaileen arabera, ezberdintasun hori musikak sentimendu positiboak mantentzen lagundu zuelako da. Izan ere, musikak ikaste-ingurugiroa erakargarriagoa bilakatzen laguntzen du eta, ondorioz, ikasteko motibazioa garatzea eragiten. Azpimarratu behar da arestian egindako ikerketa batzuen aburuz eragin positiboak zituzten obrak erabili zirela ikerketa horretan, hala nola Tchaikovski, Mozart, Bach, Vivaldi eta Beethovenen konposizio famatuak. Hori dela eta, ikusteko dago ea beste mota bateko musikak ere eragin bera daukan.
Ondorioz, musika klasikoak balio handiko zeresana dauka ikasteko orduan, kontzeptuak barneratzerakoan, hain zuzen ere. Eta ez hori bakarrik, ikerketak konferentzia baten eraginkortasuna hobetzeko modu bat aurkezten du, eta konferentziak leku askotako oinarrizko metodologia izanik, asko hobetu dezakegu gure irakasteko sisteman.
Egilea: Anai Telletxea