“Opre Rroma”, ijitoek eskolan arrakasta izateko eta kulturarteko bizikidetza sustatzeko esperientzia.

“Opre Roma” Kale dor Kayiko elkarteak 2000. urtean abiarazitako esperientzia da. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak diruz lagunduta, “ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko programa”, eskola inklusiboaren esparru barruan dago aniztasunari erantzuteko. “Opre Roma”ren helburu orokorra Bizkaiko eta Gipuzkoako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasle ijitoek beraien ikasketetan aurrera egin, arrakastaz amaitu eta hezkuntza ondoko prestakuntzarekin jarrai dezaten laguntzea da. Programari esker, arrakasta akademikoa eta kulturarteko elkarbizitza hobetzeko ikastetxeei zuzendutako eraldatze-espazio eta -prozesuetan aktiboki laguntzen dugu.

Programaren garapenaz arduratzen den diziplina anitzeko taldea ijitoak eta ijitoak ez diren hezkuntza-eragileek nahiz Ijito Herrian aitorpena duten pertsonek osatzen dute. Horiek errealitateari buruzko ekarpen anitzak egiten dituzte.

Emaitzei dagokienez, baiezta dezakegu programak honako hau ahalbidetu duela:

  • Ikasle ijitoen eskola-arrakastan aurrera egitea eta ikasketekin nahiz lan-munduarekin dituzten itxaropenak areagotzea, eta, guretzat oso garrantzitsua dena, etorkizunari begira, emakume ijitoen aukeratzeko gaitasuna handitzea.

  • Hezkuntza akademikoak norbanakoaren eta Ijito Herriaren etorkizuna hobetzeko gaitasuna duela egiaztatzea, eta ijitoen komunitatearentzat “ikasketak izatea” ohorezko faktore bilakatzea.

  • Gero eta familia gehiago inplikatzea haien seme-alaben hezkuntza-prozesuetan, eta ikastetxeetako egunerokotasunean parte hartzea.

  • Irakasleek ijitoen komunitatearekiko dituzten itxaropenak areagotzea, eta aurreiritziak eta estereotipoak gainditzea.

  • Curriculumean Ijito Herriaren historia eta kultura gero eta gehiago ikusaraztea.

Ikasketetan aurrerapausoak sustatzeko “Kale dor Kayiko Saria”ren  bitartez, esfortzua eta emaitza onak aintzat hartzen ditugula erakusten dugu eta ikasleengan  irrika sortarazteko baliabide gisa erabiltzen dugu.

Ijitoen kultura ikusarazteko, Ijito Herria ikusarazten duten materialak eta jarduerak proposatzen ditugu. Bestaldetik, irakasleekin aholkularitza-lana egiten dugunean, prozesu akademikoan zehar ikasleei aniztasunaren arreta hobetzeko baliagarriak diren esku-hartzeko metodologiei buruzko ekarpenak egiteaz gain, ikasleen familiekin duten erlaziorako egokiak diren estrategiak helarazten dizkiegu.

Ikasleen familiekin erlazioa sendotzeko, ikastetxeko sarrerak, irteerak edo beste espazio ireki batzuk erabiltzen ditugu, eta seme-alaben eskolatze-prozesuaren inguruko eskaerak jasotzen ditugu; familiei laguntzen diegu ikastetxeko jardueretan parte hartzen; horrela, beraien seme-alabak hezkuntza akademikoan egiten ari diren esfortzuak indartu egiten dira. Familientzako prestakuntza-espazioak sortzeko ere proposatzen dugu, betiere haien interesetatik abiatuz.

Azkenik, nahiz eta asko aurreratu, agerikoa da oraindik bidea egin behar dugula ikasle ijitoek arrakasta osoa lortzeko, horrela lortuko baitute erabateko gizarteratzea. Horregatik, apustua egiten jarraituko dugu zeren, Kale dor Kayiko elkarteko sortzaileak, hots, Tío Manuelek esaten duena gogora ekarriz, “Nire helburua lortzeko erabakia handia bada, ez nau ez inork ez ezerk geldituko”. Eskerrik asko, Tío Manuel, 30 urte hauengatik eta beharrezkoak izango direnengatik, guk zure ametsa egia bihurtu arte.

Egilea: Iratxe Azofra

logo KaleDorKayiko

Be the first to comment on "“Opre Rroma”, ijitoek eskolan arrakasta izateko eta kulturarteko bizikidetza sustatzeko esperientzia."

Leave a comment

Your email address will not be published.


*