Emakumeak zientzian egindako lana ezagutarazteko materialak beharrezkoak dira eta atal honetan bi aurkeztuko ditugu, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Gaztelaniazko materiala, hain zuzen, egun hauetan aurkeztu da.
Gaur egun berdintasuna lortu ez den arloetako bat zientziena da. Frogatuta dago emakume gutxiagok aukeratzen dituztela lanbide zientifikoak, eta emakume gutxiagok dihardutela mundu zientifikoan.
Hori ez da gertatzen gaitasun apalagoa, bokazio urriagoa edo jarduera-maila apalagoa dutelako. Gizarte-, kultura- eta hezkuntzafaktoreek gizonak baino maila txikiagoan ahalduntzen eta sustatzen dituzte emakumeak. Hezkuntza eta gizartea eraikitzeko erabiltzen ditugun estereotipoek, sozializazio-prozesuek, genero-rolek… sinestarazten digute emakumeak ez direla hain gai eta eragiten dute emakumeek aintzatespen txikiagoa izatea gizartean.
Aipatutakoa neurri batean ekiditeko, oso garrantzitsua da historian egon diren nahiz egungo emakume zientzialariak agerian jartzea, baita haien lana aitortzea eta erreferente berriak sortzea ere. Hutsunearen zati bat betetzera dator aurkeztu den aipatutako materiala.
Nabarmendu diren emakume zientzialari batzuk aurkituko ditugu aipatutako materialetan, haien artean, Hedy Lamarr, informatikaria; Rosalind Elsie Frankling, biofisikaria eta kristalografoa; Florence Nightingale, estatistikaria; Marie Curie…
“EMAKUMEA ZIENTZIAN. Zientziaren historian zehar emakumeak izan duen garrantziaren inguruko gida didaktikoa” EHU/UPVko Unibertsitateko irakasleek egin dute.
Gida, nagusiki, bi zatitan bananduta dago: lehen zatian ikerlari bakoitzari buruzko informazioa; bigarren zatian, geletan egin ahal diren jarduera batzuk proposatzen dira. Hamabost dira gida horretan aurkezten dituzten emakume zientzialariak.
“Hoy hablamos de ella en clase” bigarren hezkuntzara zuzendutako liburuxka multzoa da. Liburutxoen testuak unibertsitateko irakasleek egin dituzte; diseinuaz, aldiz, La Laguna Unibertsitateko Liburutegiko langileak arduratu dira. Hamaika dira bilduma honetan aukeratu dituzten emakume zientzialariak.
Liburuxka bakoitzaren edukia bi zatitan banatuta dago; lehen zatian ikerlariaren irudia dago, haren biografia laburra, bitxikeria pare bat eta egin duen ikerketaren datu interesgarriak. Bigarren zatian, aldiz, geletan egin daitezkeen jarduera batzuk proposatzen dira.
Materiala doakoa da (erabilera ezkomertziala), deskargatu eta inprimatu daiteke La Laguna Unibertsitateak partekatu duen drivetik.
Egilea: Karmele Urrutia