Zertarakoa Amara Berri Sistemaren ezaugarri nagusietako bat da. Izan ere, departamenduetan egiten diren ekintzek eta lanek benetako zentzua eta irteera behar dituzte.

Gure ikasleen adina kontuan hartzen badugu, jolasa eta helduen mundua imitatzea oso garrantzitsuak dira, eta jolasaren bidez benetako ikasketa-egoerak sortzen dira. Egoera horietan eskolaz kanpoko bizitza imitatzen da, ikasteko grina justifikatzen duen asmo erreal batean. Horrela, ikaslearen motibazioa eta autoestimua handitzen dira.

Amara Berriko Hedabideen esparruan, prentsa, telebista-edizioa, Txikiweb eta irratia daude, eta 2. eta 3. zikloetako ikasleek kudeatzen dituzte.

Egunotan, gelako ohiko lana alde batera uzten dute hedabideetan lan egiteko eta komunitateari zerbitzua ematen diete. Hala, eskolako beste departamentuetan egiten diren lan guztiek hedabideetan dute irteera.

Kanporako irteera horiek oso anitzak dira eta lanaren araberakoak : hitzaldi bat prestatu ondoren, hitzaldi horrek zentzua hartzen du ikasleak ikaskideen aurrean aurkezpena egiten duenean; plastikan egiten diren lanek, gelan edo eskolako sarreran erakusketa egitean; laborategian egiten diren esperimentuek eta ikaskideen aurrean egiten diren aurkezpenek…

Ikasteko prozesu horretan hedabideek beren tokia eta zentzua hartzen dituzte, eskola-komunitate osora irekita, geletan egiten diren lanek irteera erreal bat izaten dutelako: hizkuntza-gelan idatzitako olerkiak irratian irakurtzea edo prentsan argitaratzea; ingeleseko esketxak, gelan antzeztu ondoren, telebistan grabatzea; laborategiko esperimentuekin telebistarako zientzia-programa bat egitea; Gorputz Hezkuntzan asmatutako koreografien entseguak egitea eta programa bat ekoiztea, edo, gelan prestatutako albisteekin, telebistan edo irratian eskola-albistegia sortzea.

Eta, noski, hedabideetan egiten diren lanek ere irteera dute. Horretarako eskolaren webgunea –ikasleen Txikiweb– sortu da.

  • Egunkaria paperean argitaratzen da eta PDF formatuan ere irakur daiteke eskolako webgunean.

  • Irratia zuzenean entzun daiteke 107.2 FM frekuentzian. Era berean, grabatzen diren programak entzun daitezke Txikiwebeko podcasten bidez.

  • Telebistan egiten diren programak zuzenean ikus daitezke, gela guztietan telebista baitago. Halaber, irratian bezala, editatzen diren programak Txikiweben jartzen dira egunero.

Egilea: Amando Pavía Castroviejo