Adiskidetasuna eta solidaritatea, ikaskuntza eta elkarbizitzaren eragile. 2. atala

Entzutea funtsezko ikaskuntza izan da gurean, benetako elkarrizketaren partea baita, baina baita arreta eta kontzentrazioa behar dituelako ere, eta horiek ezinbestekoak dira ikasketa-prozesuan. SDLek eta TEek gaitasun horiek jorratzen dituzte, eta emaitza akademikoetan eragin positiboa adierazten dute.

SDLetan zein TEetan guztiok parte har dezakegu eta edonor aritu daiteke ondo, betiere gutxieneko errespetuzko arauak betetzen baditu. Gatazkatsuak direnek, emaitza txarrak izan ohi dituztenek, NEE ikasleek, lotsatienek, etorri berriek,… guztiek indartzen dute norberaren irudia, besteekiko jarrera ere eraldatuz doan bitartean.  Eskolan gure berdinkideekin ondo egin ditzakegun jarduerak lantzeak hobeto sentiarazten gaitu eta horrek, autoestimua indartu ez ezik, ikasteko ilusioa ere berpiztu eta lanerako joera indartzen du. Hala, haurrek ikasi egiten dute eta euren hezkuntzarekiko ardura eta interesa berpizten da. Horren ondorioz, Soloarten DBHko ikasle askoren ibilbide akademikoa luzatu egin da –orain Batxilergoa edo Erdi Mailako Zikloak ikasten jarraitzen dute– eta absentismo-maila ia zerora murriztu da. Eskolak esperientzia eta lan duina ziurtatzen badu,  zentzuzko eta erreferentziazko leku bihurtuko da ikasleentzat, eta aldez aurretik bere buruan eskola-porrota ikusten zuena ikasle arduratsu eta parte-hartzaile bihur daiteke.

Jarduera arrakastatsuen bitartez ikasleen parte-hartzea areagotzen dugu, eta horren ondorioz, ikasi egiten dute: zenbat eta aukera gehiago izan parte hartzeko, orduan parada hobeak sortuko ditugu ikasteko.

Hizkuntzaren erabilera hobetzen da, ahoz zein idatziz, hizkuntza erabiltzeko beharra sortzen dugulako. Guztiak dira gainerakoen eredu eta gehiago ahalegintzen dira euren iritziak adierazteko edota ikaskideari zerbait azaltzeko. Haien argudioak gero eta  luzeagoak, landuagoak dira, eta hiztegi berria horietan txertatzen ere saiatzen dira. “Hobeto hitz egiten dut eta nire kideak ulertzeko ahalegina egiten dut”, “liburua ulertzen saiatzen naiz”, eta “asko hobetu dut eta nire kideen ideia asko hartu ditut….”Ahalegin izugarriak egiten ditut eta asko hobetu dut solasaldiei esker… hor asko ikasten da, baita hizkuntza ere” dio Ganbiako ikasle batek. Hobekuntza linguistikoak eta irakurketaren ulermenak ikasgai guztietan daukate eragina, noski.

Irakurzaletasuna piztu daiteke –badago jolastokian noizbehinka libururen bat irakurtzen ari den norbait– eta klasikoetan oinarritutako solasaldiak ikasleen gustua hezten ari dira; hala, hori gero eta zorrotzago bilakatzen ari da (hau da, edozein liburuk ez ditu euren zaletasunak asetzen). Hitzen edertasuna nabaritzeko trebatzen ari dira, baita ikuspegi kritikoagoa lantzeko ere, eta obra desberdinen arteko erlazioak egiten dituzte: “nire egunerokotasunean gehiago irakurtzen saiatzen naiz”, “Hamlet gogorarazten dit, beti zebilelako zerbait egiteko asmotan eta gero ez zuelako ezer egiten”, “Oso gustuko dut nola adierazten duen autoreak. Oso egoera tristea da baina oso modu politean adierazten du”, “Izugarri gustatzen zait Shakespeare. Ama! Hamlet irakurri behar duzue”.

SDLen bitartez, oso erraz agertu ohi dira ikasleen interesak eta jakin-minak, eta egungo egoerarekin edota beste ikasgai batekin lotura egin daiteke: itsaslapurretaren mundua, esklabotasuna eta Sezesio Gerra, geografia, itsasoko animaliak, antzerkia eta dramatizazioa… Denek ekarpenak egiten dituzte sortzen diren gaien inguruan eta askotan horien ikaskuntza haratago doa: Willie Fog-en bidaiak irudikatzea munduko mapa batean, living book bat idaztea, La casa de Bernarda Alba-ren eszenak prestatzea eta antzeztea…

SDLen eta TEen bitartez inguru ziurra eraikitzen dugun heinean, ikasteko eta elkarrekin hobera egiteko aukerak sortzen ari gara. Sustatzen duten solidaritatea eta adiskidetasun-giroa ikaskuntza eta eraldaketa sakonaren motorra dira, eta horiek ilusioz hobera egitera bultzatzen gaituzte.

Egilea: Sonia del Barrio

Sonia_IMG_1521112794706-1-150x150

Be the first to comment on "Adiskidetasuna eta solidaritatea, ikaskuntza eta elkarbizitzaren eragile. 2. atala"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*