Ekitatean eta kolaborazioan oinarritzen diren jarrerak umetan nola agertzen diren aztertu dugu aurretik Kaieran. Oraingoan umeen partekatzeko gaitasuna aztertuko dugu. Aztergai dugun ikerketak frogatu zuen 2-3 urte dauzkaten haurrak lortzen dituzten sariak partekatzeko kapaz direla.

 

Hori da Nature aldizkarian 2011n argitaratutako ikerketan Katharina Hamann, Felix Warneken, Julia R. Greenberg eta Michael Tomasellok aurkitutako emaitzarik esanguratsuena. Ikertzaile horiek, batetik, ume bikoteak batera jarri zituzten (6.240 ume guztira), eta, bestetik, txinpantze bikoteak osatu zituzten (12 txinpantze guztira). Umeak eta txinpantzeak kolaborazio-egoera baten aurrean jarri zituzten. Batzuetan, saria lortzeko elkarrekin lan egin behar zuten, baina beste batzuetan, ondorio positiboa espero gabe agertzen zen lankidetza, aurrez hori sustatzeko inolako ahaleginik egin gabe.

 

Bikote horietatik, batek aukera gehiago zituen saria lortzeko besteak baino, eta saria esku artean zeukatenean, partekatzeko edo ez partekatzeko aukera zuten. Egoera horietan honako hau aurkitu zuten ikertzaileek: ondorio positiboa inolako ahaleginik gabe jasotzen zutenean, errazago partekatzen zuten.

Hala eta guztiz ere, kolaborazioan oinarrituta eta ahalegina eginda ere, umeek  partekatzen zituzten sariak, bestearen sentsibilitatea eta lana balioesten zutelako. Baina txinpantzeek ez; txinpantzeengan ez zen kolaborazio-arrastorik ikusi. Umeek, aldiz, ahalegina egin ondoren, lortutako saria partekatzeko joera zuten. Hara hor umeak eta txinpantzeak bereizten dituen ezaugarri garrantzitsu bat.

Egilea: Idoia Uriarte

2018-03-22-PHOTO-00000047