Save The Children erakundeak #rompoelsilencio kanpaina abian jarri du, umeen sufrimendua gutxitzeko xedearekin. Gure gizarteko arazo hori salatzeko umetan/gaztetan bizitako jazarpenak azalarazten dituzte, hainbat pertsonaren lekukotzen bidez.

 

Haurren eskubideen alde lan egiten duen erakundeak kanpaina hori garatzea behar-beharrezkotzat jotzen du, etengabe jasotzen dituzten abusuekin lotutako datuak ikusita: Estatu Espainolean, biztanleriaren % 10-20k sexu-jazarpenak bizi ditu eta egiten diren salaketen erdien biktimak adingabeak dira. Euskadiren kasuan, erakundeak 2017an argitaratu zuen txostenaren arabera, gero eta abusu-kasu gehiago gertatzen dira, baina, beste leku batzuetan gertatzen den bezala, indarkeria mota hori ezkutatu egiten da eta soilik abusuen % 2-10 erregistratzen da. Argi du Save The Children erakundeak, arazo latz horri aurre egiteko, abusu sexualak estaltzea ekidin eta horrekin lotutako isiltasuna hautsi behar dela eta, horretarako, gizartea sentsibilizatzea ezinbestekoa dela;  aldi berean, haurrak babestuko dituen legea, hots, Haurren Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Lege Organikoa, lehenbailehen onar dezatela eskatzen du.

 

Halaber, erakundeak oso garrantzitsutzat jotzen ditu irakasleen prestakuntza eta sentsibilizazioa. Aztertutako 203 epaietatik, ikastetxeek kasuen % 15ean soilik jakinarazi zuten haurrek abusu sexualak pairatzen zituztela. Hori kontuan izanda,  ikastetxeen curriculum hezitzaileetan indarkeriari eta babesari buruzko prestakuntza emateak ezinbestekoa dirudi, baita eskola guztietan haurren aurkako indarkeria detektatzeko eta kudeatzeko protokolo bat ezartzeak ere.

Save The Children Erakundearen arabera, legea onartzen den bitartean, #rompoelsilencio kanpainak eragin handia izan dezake gizartearen sentsibilizazioaren esparruan, eta bukatu behar den tabu horren aurrean aktiboki mugitzen hasteko aukera izan daiteke.

Egilea: Laura Alvarez

LAURA