Britainia Handian % 29 igo dira Childline telefonozko laguntza-zerbitzuak jazarpen sexualari lotuta jaso dituen deiak. Horrez gain, NSPPC erakundeak eskaintzen duen aholkuaren eske deitzen duten haur eta gazteen kopurua izan beharko lukeena baino txikiago dateke, haur eta gazte askok ez baitute ulertzen jazarpena zer den. Hortaz, elkartearen arabera, salaketak igo arren, askoz kasu gehiago daude salatu gabe. NSPPC erakundearen esanetan, ezinbestekoa da eskoletan haur eta gazteak abusua zer den jakiteko eta jazarpena identifikatzeko gai izateko heztea.

  1. eta 2018. urteen artean, zerbitzuak 3.878 dei jaso zituen, eta horietan gazte askok ez zuten ezberdintzen bizitakoa jazarpena ala bikote-harremanaren barruko ohiko kontua zen. Bestetik, aholkularitza eskatzeko deitu zuen herenak baino gehiagok (% 36) erasotzailea gaztea zela aitortu zuen.

Children’s charity Barnardo’s-ek egindako ikerketa baten arabera, haurren arteko sexu-jazarpenarekin lotutako salaketak % 78 igo dira Ingalaterra eta Galesen azken urteetan. Izan ere, gaiaren inguruko isiltasuna apurtu zenetik, salaketek nabarmen egin dute gora.

End violence against women kanpainak ere gaitz horren gakoa heziketan dagoela aldarrikatzen du. Azpimarratzen dute biktimen gehiengoa emakumeak direla, eta, haien ustez, eskolek eta autoritateek ez dute nahikoa egiten arazoari aurre egiteko. Harreman- eta sexu-heziketa ezinbestekoa da, baita gazteek onespena zer den eta harreman onak eta txarrak nolakoak diren jakitea ere.

Egoera latz horri aurre egiteko beste ekimen batzuk daude. Childline zerbitzuak #ListentoYourSelfie kanpaina martxan jarri du. Horren helburua da heziketaren bidez gazteen arteko erasoak saihestea. Bestetik, Britainia Handiko Haur eta Familien ministroak irailetik aurrera eskola eta institutu guztietan gazteen arteko sexu-jazarpena jasandako biktimei babesa emateko agindua eman zuen.

Argi dago eskolak denbora luzean ez duela arazo hori ikusi, eta horregatik ez dio  aurre egin. Konponbidea bilatzeko, ezinbestekoa da erasoak gero eta azkarrago identifikatzea; bestalde, harreman osasuntsuak izatea zer den ikasiz gero (harreman esporadikoak barne), prebentzioan lan eginez, jazarpen kopurua jaistea susta daiteke.

Egilea: Laura Alvarez