Ohikoa da, oraindik ere, zientzia, teknologia, ingeniaritza edo matematika alorreko ikasketetan nesken presentzia urriagoa izatea. Batzuen ustez, jaiotzean edo garapen-prozesuan berez ematen diren arrazoi biologikoetan egon daiteke desoreka horren arrazoia. Beste batzuentzat, ordea, gizarteratze-prozesuan neskek edo mutilek bizi dituzten esperientziek dute eragina.

 

Alyssa J. Kersey-k (2018), Rochester eta Pittsburgh unibertsitateko zenbait ikertzaileren laguntzaz, argitaratu berri duen ikerketa batek laguntzen digu ulertzen matematikaren eta generoaren arteko harremanaren gakoak zein diren. Ikertzaile horiek 6 hilabete eta 8 urte bitarteko 500 haur baino gehiagoren kognizio matematiko goiztiarra aztertu zuten. Haien hipotesiaren arabera, neskak eta mutilak arrazoiketa matematikorako gaitasun kognitibo desberdinekin jaiotzen badira, haurtzaroaren lehen unetik eta garapen-prozesuan zehar desberdintasunak nabaritu beharko lirateke. Hipotesi hori baieztatu edo baztertzeko, kognizio matematiko goiztiarraren adierazgarri diren hiru elementu aztertu zituzten.

 

Alde batetik, kopuruaren pertzepziorako agudezia aztertu zuten. Gizakiak berez du objektu multzo bat begiratuta bertan egon daitekeen objektu kopurua zenbatekoa izan daitekeen hautemateko gaitasuna, nahiz eta objektuak banan-banan ez zenbatu. Hala, 6 hilabeteko haurrengan gaitasun horren lehen zantzuak antzeman daitezke jada. Gaitasun horretan egon daitezkeen genero-desberdintasunen bila 6 hilabeteko 80 haur eta 3-7 urte bitarteko 241 aztertu zituzten Kersey-k eta kideek, eta ohartu ziren neskek zein mutilek kopuruak diskriminatzeko gaitasun bera dutela.

 

Bestetik, kulturalki entrenatutako zenbakitze-prozesua aztertu zuten. Prozesu horren bidez, haurrek zenbakiak errepikatzen eta zerrendatzen ikasten dute lehenik, eta, ondoren, zenbaki horietako bakoitza elementu kopuru zehatz bati dagokiola ikasten dute. Prozesu hori aztertzean, ikertzaileak ohartu ziren neskek eta mutilek antzeko gaitasunak dituztela zenbakiak memorizatzeko, zerrenda buruz esateko eta sekuentzien logika barneratzeko.

 

Azkenik, eskolan jasotzen duten ezagutza matematiko formalean dauden genero-desberdintasunak neurtu zituzten. Egindako probaren emaitzek, berriro ere, erakutsi zuten haurtzaroaren lehen etapan neskek eta mutilek pareko errendimendu matematikoa dutela.

 

Kersey-k eta bere kideek lanean ondorioztatzen duten bezala, helduaroan zientzia, teknologia edo ingeniaritza eremuetan dagoen genero-desberdintasunaren oinarria arrazoi soziologiko konplexuetan bilatu behar da. Matematika edo zientzietan aritzeko ez ditugula neskak berdin motibatzen diote zenbait ikerketak. Beste ikerketa batzuek, berriz, zientzia eta matematikako irakasleek mutilekin jarrera desberdina dutela jaso izan dute. Egun badakigu irakasleak ikasleen gaitasunarekiko duen pertzepzioak ikasleen emaitzetan eragiten duela, eta horixe gertatzen da matematikan ere. Hori guztia kontuan hartuta, Kersey-k eta kideek matematikaren lorpenetan kulturaren eragina handia dela ondorioztatzen dute. Haien emaitzek ez dute zalantza-izpirik uzten: neskok eta mutilok matematikarako gaitasun kognitibo berberarekin ekiten diogu haurtzaroko ibilbideari, hau da, gure ikasgeletako neskek eta mutilek gaitasun bera dute matematika ikasteko. Aukera berak eskainiko dizkiegu matematika ikas eta maite dezaten?

Egilea: Leire Ugalde

20160718_152907