Paco Lunari egindako elkarrizketa, azken ebaluazio diagnostikoaren inguruan

Paco Luna Arcos-ek bere azken tarte profesionala garatu du ISEI-IVEI-an, Didaktika-taldeko koordinatzaile. Bere funtzioen garapenean, Euskadiko Autonomia Erkidegoko ikasleen emaitzen bilakaera hurbiletik jarraitu du. Ikasle etorkinen emaitzetan arreta berezia jarri du, ADARRA-k antolatutako jardunaldi batzuetan agerian gelditu den bezala. 

Azken ebaluazio diagnostikoaren txostenaren arabera, euskal hezkuntza-sistemaren emaitzak ez dira nahi bezain onak, eta okerrera egin dutela ere esan daiteke.

Egia da puntuazioak behera egin duela, baina gehien kezkatu behar gaituen datua ez da 2017koa, 2013tik LHn gertatzen ari den puntuazioaren etengabeko beherakada baizik. Etapa horretan, 2017an ebaluatutako ia konpetentzia guztiek dute puntuazio txikiagoa 2009ko ebaluazio diagnostikoaren lehen edizioarekin alderatuta. DBHko 2. mailan datuak apur bat egonkorragoak dira, eta nolabaiteko hobekuntza ere ikus daiteke konpetentzia batzuetan, oso txikia izan arren.

Konpetentzien galera hori, gainera, bat dator nazioarteko beste azterketa batzuekin, hala nola 15 urteko ikasleentzako PISA azterketarekin edo LHko 4. mailako irakurmenari buruzko PIRLS azterketarekin. Horietan, gure emaitzak oso txarrak dira eta oso joera kezkagarria erakusten dute gure sistemaren egoerari dagokionez.

Pertsona eta komunikabide batzuen arabera, besteak beste, okerrera egitearen arrazoietako bat da ikasle etorkinen gorakada. Zer esan diezagukezu horri buruz?

Baieztapen hori astakeria hutsa da, datuetan oinarritu gabeko ideiak dira, aurreiritzietan oinarrituak. ISEI-IVEIren datuen arabera, 2017ko ebaluazio diagnostikoan, ikasle etorkinak LHko 4. mailako ikasleen % 8,9 ziren eta DBHko 2. mailakoen % 8,1. Hau da, ehunekoa antzekoa zen bi etapetan; hala ere, esan berri dudan bezala, Lehen Hezkuntzan puntuazioa galtzen ari gara eta Bigarren Hezkuntzan kontrakoa gertatzen ari da. Modu zentzugabean ikasle etorkin guztiek errendimendu txarra dutela pentsatuta ere, eta hori ez da inondik inora egia (LHko 4. mailako ikasle etorkinen % 80 eta DBHko 2. mailakoen % 53 dagokien mailan daude), ez luke zentzurik izango puntuazioaren beherakada nagusiki ikasle horiei egoztea. Beste datu bat: itunpeko ikastetxeen sareak, bigarren hezkuntza osoaren % 54 ordezkatzen duenak, 27 puntu galdu zituen konpetentzia zientifikoan 2012tik 2015era arteko PISA azterketan, 18, ordea, sare publikoak. Dena den, itunpeko ikastetxe pribatuek publikoek baino ikasle etorkinen ehuneko txikiagoa eskolatzen dute, hortaz, pentsa genezake itunpeko ikastetxeetako ikasle etorkinak publikoetakoak baino nabarmen txarragoak direla, eta horrek ez du logikoa ematen. Hitz batez, gure emaitzak ikasle horiei leporatzea gure arazoen arreta desbideratzea da.

Gure autonomia-erkidegoko ikasle etorkin gehienek euskara dute komunikazio-hizkuntza. Ziur gaude hizkuntza hori ikasten jarraitzea funtsezkoa dela gainerako konpetentziak ikasteko. Beraz, bildu al duzue hori ikasten laguntzen duten elementuei, baldintzei, baliabideei, estrategiei, jardunbideei eta abarri buruzko informazioa?

 

Gure lana, nagusiki, ez da gai didaktikoetan ardaztu, emaitzetan baizik. Egia da saiakera asko egin direla emaitzen hobekuntza hezkuntza-jardunbide jakin batekin lotzeko, baina nik dakidanez, ondorioak inoiz ez dira ez eztabaidaezinak ez argiak izan. PISA ere, dituen estatistika-ahalmenarekin eta datu-base izugarriekin, ez da gai izan estrategia eta emaitza jakin batzuen arteko kausalitatea erakusteko, korrelazioren batetik haratago. Ildo horretatik, euskal ikastetxe eraginkorren ezaugarriak identifikatzeko egindako ikerketan, ez zen ondorioztatu ikastetxe horietan emaitza onak bermatzeko moduko metodologia edo estrategia didaktiko komunak zeudenik. Hortaz, logikoa ematen du pentsatzeak berme handiagoa ematen duela eskaintzaren aberastasunak, malgutasunak eta hezkuntza-proposamenak taldera egokitzeak, bai bertako ikasleei bai etorkinei dagokienez. Ikasle etorkin guztiak ez dira berdinak, bertakoak ez diren bezala. Edonola ere, euskararen ikaskuntzaren egoera eta azken ebaluazioetan lortutako emaitza txarrak ezin zaizkie ikasle etorkinei egotzi.

Egilea: Luisa Mª Puertas

Luisa Mari

Be the first to comment on "Paco Lunari egindako elkarrizketa, azken ebaluazio diagnostikoaren inguruan"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*