Gure ikastetxean, Mare de DéuMonserrat (Tarrasa) eskolan, 2014-2015 ikasturtean, elkarbizitzako Eredu Dialogikoa martxan jarri genuen. Momentu hartatik komunitate osoak adostutako araua gure motorra izan da elkarbizitza bideratzeko. Horrek hobekuntza nabarmenak ekarri dizkigu, bai arrakasta akademikoan, baita elkarbizitzan bertan ere.

Elkarbizitzako batzorde mistoak eta gelako ordezkarien batzordeak bideratzen dituzte gelako asanbladak. Asanblada horiek familiei zabalik daude, eta hortxe dago arrakastaren gakoa: haien parte-hartzean, eta haien ikuspegiak eta argudioak adierazteko konpromisoan.

Prozesu honetan, egunero, denok eraldatzen ari gara. Komunitateko partaideen arteko interakzioek hobetzen gaituzte, eta besteekiko enpatia gure identitatearen ezaugarri nagusienetarikoa da. Hori dela eta, gero eta errazagoa da guztiekin gatazkak partekatzea, gainditzeko bideak topatzea eta adostasunetara heltzea. Aldi berean, jarrera bortitzak eraldatzen ari gara, hitz egiteko, galdetzeko, entzuteko eta elkarrekin erabakiak hartzeko beti prest gaudelako. Jakin badakigu ahots guztiak beharrezkoak eta garrantzitsuak direla.

Gure ikasleen eraldaketen eta hobekuntzen  adibide asko daukagu. Hona horietako bat: Maria (ez da benetako izena). 5. mailan jazarpena jasan zuen. Urte horretan, jarrera bortitzak identifikatu eta eraldatu genituen denon artean, eta, ondorioz, berak harreman onak eta indarkeriarik gabekoak izatea lortu zuen.

Mariak bere gelako asanbladan bere sufrimendua azaldu zuen. Bere jazarleei aurpegira begiratuz, gai izan zen azaltzeko zelan sentitzen zen haien erasoengatik eta zelako mina eragiten zioten  autoestimuan. Momentu horietan guztietan nagusien babesa gako izan zen, bereziki tutorearena eta ama batena. Izan ere, amek umeekin erabiltzen dituzten hitzek, ahotsaren tonuak, hausnarketa kritikoak eta maitasun-begiradek eragin ikaragarri positiboa izaten dute. Ondorioz, biktimari laguntzeko eta beste umeen bihotzetara heltzeko itxaropenaz egiten dutenak gelako segurtasun eta adiskidetasun giroa aberastu egiten du. Ikaskide bat, segurtasun giro horretan, Mariaren alde hitz egitera ausartu zen. Hark esan zuen Mariak hura beti ondo tratatzen zuela eta beti solidarioa zela. Prozesuaren ondorioz, pixkanaka, Mariaren alde eta jazarpenaren kontra jartzen hasi ziren gelakideak.

Geroago, institutuan hasi zenean, Mariak jazarpen egoera bat berehala identifikatu zuen eta irakasleari esku hartzeko exijitu zion. Guregana etorri zen Eredu Dialogikoa azaltzeko erabiltzen dugun PowerPoint-a eskatzera. Bere gelan erabili nahi zuen tutorearen laguntzarekin. Lanketa/Lan horrekin hasi zuten dinamikari esker, hilabete eta erdian jazarpenaren egoera desagerraraztea lortu zuten.

Gaur egun, Mariak gure eskolara etortzen jarraitzen du boluntario moduan, eta esaten digu hemen seguru eta ondo sentitzen dela eta horrek pertsona bezala hobetzen laguntzen diola. Egun, oraindik harritzen nau Maria nola ahaldundu zen ikustea, biktima izanda, bere eskubideak aldarrikatzeko eta babesa eskatzeko. Bere hitzak: Nik badakit zer den eskolara joatea eta tripako mina, buruko mina izatea… ez duzulako joan nahi, asko sufritzen duzulako. Eta ulertzen dut, neska batzuek bere buruaz beste egin nahi izatea, ezin dutelako jazarpena gainditu. Hori dela eta, orain nire institutuko ikaskideekiko injustiziekin oso sentikorra naiz. Beraz, kasu baten berri izaten dudanean, salatu egiten dut eta ez dut ez lotsarik ez beldurrik sentitzen.

Egilea: Nuria Marín