Nerabezaro goiztiarrean… Lan kolaboratiboan, konpetitiboan edo indibidualean oinarritutako lorpenak?

Zer da eraginkorragoa? Dinamika kolaboratiboa, konpetitiboa ala bakarkako lana? Zerk sustatzen du ondoen ikasle guztien garapen akademiko eta soziala? Zerk sustatzen du goi-mailako arrazoiketa? Nola lortzen dira harreman onenak eta aberasgarrienak ikaskideen artean?

 

Minesotako Unibertsitateko Cary J. Roseth, David W. Johnson eta Roger T. Johnson-ek egin zuten meta-analisian ondorio argietara heldu ziren. Duda barik, dinamika kolaboratiboak sustatzen ditu ondoen garapen akademikoa eta soziala, biak aldi berean. Hala ere, erantzuna ez zen hain argia izan, harik eta 8 hamarkadatan zehar egin zituzten 148 ikerketak sakon aztertu zituzten arte. Ikerketa haietan 11 herrialdetako 17.000 nerabek hartu zuten parte. Aldi berean, Interdependetzia Sozialaren Teoriarekin (D. W. Johnson & R.T. Johnson, 1989, 2005) erlazioa duten teoriak eztabaidagai izan zituzten, Interdependentzia Sozialaren Teoria meta-analisiaren abiapuntutzat hartuz eta hainbat ikerketarekin alderatuz.

 

Jakin badakigu nerabezaroa aldaketa momentua dela, bai garapena bai heldutasuna kontuan hartuta. Momentu horretan, bigarren hezkuntzan bereziki, adin eta egoera berean dauden ikaskideekiko harremanek garrantzi handia hartzen dute, baina are garrantzitsuagoa da harreman horiek positiboak izatea. Ikerketan zehar hiru hipotesi egiaztatu ahal izan zituzten. Lehenengo hipotesiak zioen arrakasta akademikoa dinamika kolaboratiboaren bitartez lotzen zela batik bat, ez konpetitiboaren edo bakarkakoaren bitartez. Egiaztatu zuten nerabezaro goiztiarrean dinamika kolaboratiboek sustatzen zutela garapen akademikoa eta goi-mailako arrazoiketa. Bigarren hipotesia ere berretsi zuten: harreman positiboek erlazio estuagoa dute dinamika kolaboratiboekin eta askoz ahulagoa dinamika konpetitiboekin eta bakarkako lanarekin. Hirugarren hipotesia ere baieztatu zuten: zenbat eta handiagoa izan harreman positiboen kalitatea, hainbat eta emaitza akademiko hobeak.

 

Ondorioz, ikerketa konparatibo hark argi utzi zuen zer dinamika motak ahalbidetzen dituen aldi berean emaitza akademiko onenak eta ikasleen arteko harreman positiboak. Hezkuntzaren praktikan eraginak nabariak dira: bai eskolek eta bai irakasleek ziurtatu behar dute ikasleek lorpen kolaboratiboak helburu dituztela, kolaborazioan oinarritutako jarduerak eta estrukturak aintzat hartuz. Horrela, ikasleei aukera berdinak emango dizkiegu bene-benetan, eta eskola guztietan ikasleek arrakasta akademiko eta soziala eskuratzea egia bihurtuko dugu.

Egilea: Idoia Uriarte

2018-03-22-PHOTO-00000047

Be the first to comment on "Nerabezaro goiztiarrean… Lan kolaboratiboan, konpetitiboan edo indibidualean oinarritutako lorpenak?"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*