Eskolei esker ikasle askok euskara ikasteko aukera dute. Ezaguna da eragin handia dutela familia-hizkuntzak eta lehen hizkuntzak, baina, horrez gain, agerian geratzen da ez dela faktore erabakigarri bakarra, ikerketei eta ISEI-IVEIk lortutako datuei erreparatzen badiegu. Familia-hizkuntza euskara duten ikasleak ez dira %20ra iristen, baina ikasleen %54,5ek gainditzen du euskarazko hasierako maila. Horrek agerian uzten du Hezkuntza sistemaren rola eta garrantzia elebitasuna bultzatzerakoan, elebidunen kopurua hiru aldiz handiagoa baita euskara etxean erabiltzen dutenekin alderatzen bada.
Dena ez da hain dirdiratsua, ordea. Euskara hizkuntza-komunikazioari dagokionez, oinarrizko hezkuntzaren egoera aztertzeko (LH4-DBH2) 2017ko ebaluazio diagnostikoan txosten exekutiboak (ED), agerian jartzen du, %61 eta %68 artean daudela gutxieneko eta hasierako mailak gainditzen dituzten ikasleak. Izan ere, alor honetan lortutako emaitzek okerrera egin dute, grafikoan ikus dezakegun moduan:
Euskara menperatzeari dagokionez, hasierako maila du %30ek baino gehiagok. Are gehiago, hasierako maila duten ikasleen ehunekoak gora egin du LH-n eta DBH-n, eta maila aurreratua duten ikasleen ehunekoa nabarmen murriztu da. Hasierako mailan dagoen ikasleak LH4n maila gainditzen duenean esan nahi du “komunikaziorako konpetentzia mugatua [duela] eta nolabaiteko zailtasunak [dituela] euskarazko testuak ulertzeko”, ISEI-IVEIren arabera. Beraz, LH4koen herena baino gehiago eta DBH2koen ia erdia ez dira maila horretara ere iristen.
Datuak irakurtzean kontuan izan behar den beste faktore bat da Hezkuntza sistema eta geletako aniztasuna. Alde batetik, gizartea gero eta anitzagoa da eta konplexutasun hori irakaskuntzara ere iritsi da. Beste aldetik, ikasleen hizkuntz aniztasuna ere geletan zabaldu da. Aniztasunari erantzun egokia eta aberatsa emateko Hezkuntza sistemak argi izan behar du ikasle guztien mesederako baliabideak ipini behar dituela.
Hezkuntza sistemak elebitasuna sustatu arren, emaitzek adierazten dutenaren arabera, ahalegina ez da nahikoa. Ikastetxeek hobekuntza proposamen batzuk egiteaz gain, hizkuntza eskolaz kanpoko eremuetan ere bultzatu behar dela ondorioztatzen du txosten exekutiboak.
Egilea: Laura Alvarez