KiVa jazarpena prebenitzeko eta murrizteko programa sistematikoa da; ikasleekin zuzenean lantzeko materiala (ikasgaiak, bideo-jolasak…), gurasoen gida, posterrak eta beste hainbat baliabide erabiltzen dituen programa berritzailea.

 

2015/16 ikasturtean, Ikastolen Elkarteak antolatutako Jardunaldi Pedagogikoetan egitasmoa ezagutu eta zuzenean parte hartzeko aukera izan genuen. Finlandiara bertara gure irakasle bat bidali genuen hainbat Ikastolatako beste bost partaiderekin batera.

 

Honela hasi izan dugu gure formazioa. Gure KiVa-ren arduradun honek (Finlandian hezitakoa) ekin zion bertako irakasleak, gainontzeko langileak eta gurasoak trebatzeari 16/17 ikasturteko lehenengo hiruhilabetean. Honela,  formazioa bukatuta eta prebentziorako ikas-material guztia euskaratuta, KiVa taldea osatu, KiVa gela atondu, posterrak eskegi, eta dena prest izan genuen urtarriletik aurrera KiVa geure Ikastolan martxan jartzeko.

Gurean, lau irakaslez osatuta dago KiVa taldea: formazioa eta antolaketa osoan aritu den KiVa arduraduna, Orientazio Mintegiko partaide bat, Lehen Hezkuntzako arduradun pedagogikoa eta LH-ko tutore bat. Talde hau arduratzen da eraso baten aurrean egin beharreko pausuak zeintzuk diren erabakitzeaz: erasotzaile(ar)ekin, biktima(ar)ekin zein haien gurasoekin elkarrizketatzeaz, gainontzeko ikasleekin zer egin erabakitzeaz… Elkarrizketa  hauek guztiak (zer galdetu, nola…) sistematizatuta daude guztiz; horrela, talde honetako partaideak ziurrago sentitzen dira eta ateratako ondorioak ere bateratuagoak izaten dira.

Arazo baten aurrean norengana jo behar den argi ikusteko, jolastoki zein jantokiko zaintzaileek urrunetik ikus daitezkeen txalekoak erabiltzen dituzte.

Egitasmoari KiVa jaialdiarekin ematen zaio hasiera. Ekitaldi ludikoa prestatzen da eta ikasleei azaltzen zaie zein izango den Ikastolaren asmoa ikasturte osorako: “Hau KiVa Ikastola da eta ez dugu inolako jazarpenik onartuko”. Jaialdiari amaiera emateko ikasle eta irakasle guztion partaidetzaz mural handi bat eratzen da.

Ikasturtean zehar, tutoretza ikastorduan, tutorearekin batera eta ikas-materialaren laguntzarekin, prebentzio-ariketak egiten dira ikasleekin: eztabaidak, antzerkitxoak, role-playing-ak …

KiVak programa egituratu eta sakona eskaintzen digu: prebentzioa lantzeaz gain, gatazka baten aurrean erantzun zuzena emateko aukera eskaintzen digu.

KiVa egitasmoa martxan jarri dugunetik badakigu zer, nola eta noiz egin. Irakasleak, ikasleak zein gurasoak ere oso pozik daude orain arte emandako pausuekin; beraz, Lehen Hezkuntzan emandako pausuekin sendo eta ausart  jarraitzea eta hurrengo ikasturtean orain arte egindako guztia DBHko etapara hedatzea izango dira gure hurrengo erronkak.

Egilea: Juan Zulueta Amutxastegi

Juan Zulueta