Ikasgeletan IKTen presentzia geroz eta arruntagoa da. Eskola 2.0 bezalako programek hainbat baliabide teknologikoz hornitu dituzte ikastetxeak, hala nola ikasleentzako ordenagailu eramangarriak eta ikasgelarako arbel digitalak. Ondorioz, erreminta horiek hezkuntza metodologietan eragina izan dute.

 

Aldi berean, hezkuntzak geroz eta garrantzi handiagoa ematen dio irakaskuntza-ikaskuntza prozesua alderdi sozialetatik eraikitzeari, hots, taldean eta elkarrekintzaren bitartez lan egiteari. Ikuspegi horri IKTak gehitzen badizkiogu, ordenagailu bitartezko ikaskuntza kolaboratiboaren aurrean egongo gara (CSCL: Computer Supported Collaborative Learning).

 

Ikuspegi horrekiko irakasleen iritzia jakin nahian egoera aztertu dute Salamancako Unibertsitateko Ana García-Valcárcel, Verónica Basilotta eta Camino López ikerlariek. Horretarako, IKTetan goi-mailako zerbitzua eskaintzen duten Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak elkarrizketatu dituzte. Emaitzei dagokienez, bi multzo nagusitan bereizten dituzte; batetik, ikaskuntza kolaboratiboa eta IKTak prozesu horretan txertatzeak dituen abantailak, eta, bestetik, desabantailak. Irakasleek bi abantaila nagusi esleitzen dizkiote ikasketa metodologia honi:

 

  • Zeharkako konpetentzien garapena ahalbidetzea: gaitasun sozialen garapena (errespetua, adibidez), arazoen konponketa, lanerako ohiturak hartzea (besteak beste autonomia, ardura edota antolaketa), eta hausnarketarako, ikuspegi kritikorako eta iniziatibarako gaitasunak garatzea.

 

  • IKTen erabileran zentratuta, honako onurak lortzen dira : ikasleen lana erraztu eta aurrezten du, motibazioa handitzen da, arreta bereganatzea errazten du eta zailtasun gehiago dituzten ikasleentzat mesedegarri bihurtzen da, IKTak ikasleen gaitasun ezberdinei egokitzen baitzaizkie, guztion ikaskuntza hobetuz.

 

Nahiz eta irakasleek lan kolaboratiboa oinarrizkotzat jotzen duten, desabantaila batzuk ere (ikusten dituzte)/ azpimarratzen dituzte:

 

  • Curriculuma garatzeko, bereziki: denbora galtzea; ikasleekiko kontrola ahultzea; taldean ari diren ikasleen erritmo desberdinak agertzea (ikasle autonomoenek gidatzen dute lana); adina dela eta, ikasle gazteenek izan ditzaketen mugak; ebaluazioa zailtzea du eta ikaskuntza kolaboratiboa irakasgai guztietara hedatzeko zailtasunak/konplexutasuna.

 

  • IKTei dagokienez, plangintza egokia ezinbestekoa da, eta saioak prestatzeko denbora gehiago behar da; hau da, ikaskuntza kolaboratiboa IKTen bidez lantzeak denbora eta esfortzu gehiago suposatzen du.

Emaitza horiek bat egiten dute aurreko urteetan egin diren gai honekiko ikerketekin, abantaila eta desabantaila berdintsuak erakusten baitituzte. Ikerlarien ustetan, harritzekoa da nola, azpiegitura teknologikoak hobetzen doazen arren, lanerako zailtasunak berdin mantentzen diren. Era berean, ezinbestekotzat jotzen dute eskolako jardueren eraldaketaren beharra. Lan kolaboratiboari garrantzia ematen diote, non IKTek testuinguru ireki eta zabalak sortuko dituzten erremintak bihurtzen diren heinean.

Egilea: Lander Azkue

1521482564734_adobe (2)