Urteetan zehar maiz entzun ditugu honelako esaldiak hezkuntza testuinguruetan: “Beraien onerako da”, “gehiago eta hobeto ikasiko dute beren antzeko ezagutza-maila dutenekin”, “euren beharretara hobeto egokituko gara horrela”, etab., Gaur egun ere, haien arrastoak topa ditzakegu hainbat ikastetxetan. Bada oraindik ingeles-mailaren arabera gela bitan banatzen duenik edo errendimendu akademikoaren arabera ikasleak gela desberdinetan banatzen dituenik. Zer ote da hobe, baina? Ikasleak nahastea ala gaitasun zehatz baten arabera taldekatu eta lan egitea?

 

Virginia Woolfek zioen artelan onenak ez direla norbanakoak bakardadean eraikitako lanetatik sortzen, urte askotan taxututako pentsamendu komunaren emaitzetatik baino. Horrela, masaren esperientziak ahots indibidualean hartzen du hitza. Bere hausnarketak gure eginez, esan dezakegu ezagutza gure aurretik pentsatu, ikertu eta hausnartu dutenen lanetatik eratortzen dela. Har dezagun, bada, bide hori gaitasunen taldekatzearen auziari forma emateko.

 

Hainbat hamarkada atzera eginez, Braddock eta Slavin (1992) ikerlarien “Why ability grouping must end” izeneko artikuluarekin egiten dugu topo. Bertan, Braddock-ek eta Slavin-ek aztertu zuten ordura arte gaitasunen araberako taldekatzeei buruz argitaratu zena. Autoreen arabera, uste batzuk oso zabalduta daude: ona dela errendimendu akademiko txikiko ikasleak besteengandik banatzea, horrela ikasle hauen beharretara errazago egokitzeko, eta arriskua dagoela gainerako ikasleen lan-erritmoa moteltzeko baldin eta errendimendu txikiena daukatenak bereizten ez badira. Uste horiek sortzen zituzten zalantza eta eztabaidei erantzuteko, aurreko 70 urtetan  zehar hainbat ikerketa egin ziren eta guztiek antzeko emaitzak lortu zituzten.

 

Alde batetik, maila txikiagoko taldekatzeetan eskaintzen diren ikasketa aukerei erreparatzen badiegu, nabarmena da haietan eduki gutxiago eta kalitate eskasagokoa eskaintzen dela. Aldiz, ikasle horiek taldekatze heterogeneoetan ez dute ohiko curriculuma mantsotzen. Bestalde, gaitasunen araberako taldekatzeak eta talde heterogeneoak konparatu dituzten ikerlari gehienek ondorioztatu dute gaitasunen araberako taldekatzeak ez duela lorpenetan onura orokorrik ekartzen. Horrez gain, errendimendu akademiko txikiagoko ikasleek emaitza okerragoak lortzen dituzte taldekatze homogeneoetan daudenean, taldekatze heterogeneoetan dauden maila bereko ikasleekin konparatuz gero.

 

Bestalde, taldekatze mota hori diskriminatzaile bilakatzen dela esan daiteke. Izan ere, Braddock eta Slavinek aztertutako ikerlanetan, AEBetako errendimendu txikiko taldekatzeen bitartez ezberdinkeria soziala areagotu egiten da, talde horietan gehiengo direlako beltzak, hispanoak eta maila sozioekonomiko baxuko ikasleak. Era berean, ikasle horiek lanbide-heziketara bideratzen dituzte nagusiki, eta oso gutxitan goi-mailako unibertsitate ikasketetara. Lehen Hezkuntzatik errendimendu mailaren araberako taldeetan banatuta egoteak etnia desberdinetako ikasleen arteko harremanak urriak izatea dakar, eta arrazakeria sustatzen duten estereotipoak barneratzea eragiten du.

 

Azkenik, taldekatze mota horrek ikasleen autoestimua kaltetzen du, lotsa, haserrea eta besteak baino gutxiago direneko sentipenak sortuz. Ikasle horiek, beren gaitasunetan duten konfiantza galtzearekin batera, beren etorkizunean eragiteko izan dezaketen kontrol-eza sentitzen dute. Ondorioz, eskola-porrota eta eskola-uztea errendimendu-maila txikiko taldekatze homogeneoetan dauden ikasleengan gertatzen da bereziki.

Arrazoi horiek guztiak direla medio, autoreek erantzun argia ematen diote abiapuntu izan dugun galderari: ikasleak gaitasunen arabera taldekatzea ez da eraginkorra. Ezberdinkerian oinarritutako gizarte-banaketaren erreduzitzaile bilakatzen den praktika litzateke, baldintza okerragoetan daudenen arrakasta lortzetik urrun, haien porrota eragiten eta autoestimua kaltetzen duena. Denon arrakasta akademikoa eta parte-hartzea bermatzen duen eta errespetua eta aukera berdintasuna oinarri dituen eskola inklusiboak ezin du bere baitan honelakorik onartu. Eskola eraldatzaileak eta abegikorrak eraiki nahi baditugu, gogora dezagun ezagutza ez dela ezerezetik sortzen, eta ikas dezagun urte luzez eraikitako pentsamendu eta hausnarketetatik, haietatik indarra hartuz, berriak sortzeko eta aurrera egiteko.

Egilea: Leire Ugalde

20160718_152907