Bideoa: Apurtu dezagun isiltasuna! Zuk ere egingo al duzu? Aurre egin genero indarkeriari

KAIERAk atal honetan hainbat baliabideren berri emango du. Gelan erabiltzeko, ikastetxean familiekin partekatzeko, edota irakasleen trebakuntzarako erabilgarriak izan daitezkeelako. Gaurkoan bideo baten berri eman nahi dizuegu. Izan ere, gelan erabili nahi izanez gero, Bigarren Hezkuntzatik gorako ikasleentzat interesgarria izan daiteke.

Adarra Pedagogia Erakundeak jardunaldi berezia antolatu zuen martxoaren 17an, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Patricia Melgar eta Marcos Castro ikertzaileek “Apurtu dezagun isiltasuna! Zuk ere egingo al duzu? Aurre egin genero indarkeriari” hitzaldia eskaini zuten.

Hitzaldia hiru bideotan jaso dugu:

  1. Bideoan harreman idealak hartzen dituzte hizpide. Harreman idealak mota askotakoak izan daitezke, baina denek partekatzen dute ezaugarri bat: indarkeria eza. Literatura zientifikoaren arabera, harreman idealek babestu egiten gaituzte eskola jazarpenetik, genero indarkeriatik eta bakardadetik. Nazioarteko hainbat ikerketek diotenez, gazteek sarri jasotzen dituzte indarkeria normalizatzen duten erreferentziak: abestietan, ikusentzunezkoetan, Interneten, hedabideetan… Bortxa arrunt bihurtu da, eta gazteak eredu horretan sozializatzen dira. Ondorioz, indarkeria erabiltzen duten mutilak erakargarriak izan ohi dira. Erakargarritasun hori desegitea funtsezkoa da, eta, aldi berean, erakargarritasuna beste eredu batekin lotzeko lanketa egitea.

  2. Bideoan maskulinitate eredu bat baino gehiago dagoela azaltzen dute, eta, beraz,  gazteen artean ereduak lantzeko aukera ere badagoela. Hori egin ahal izateko, elkarrizketarako guneak sortu behar dira, hausnarketarako espazioak sortzearren. Hainbat gai izan daitezke hizpide: indarkeriaren aurrean hartzen dugun jarrera, maitasun erromantikoa nola ulertzen dugun, nola batera ditzakegun desio duguna eta etikoki zuzena iruditzen zaiguna…

  3. Bideoan egoera eraldatzeko hainbat baliabide aurkezten dituzte, pelikulak eta kantak kasu. Halaber, nazioarteko ikerketetan proposatzen diren hainbat estrategia azaltzen dituzte: moral bikoitza apurtzeko beharra, komunitatearen parte-hartzearen beharra, feminismo anitz eta inklusiboaren beharra, eta aukeratzeko askatasunaren garrantzia.

Egilea: Karmele Urrutia

1_karme

Leave a comment

Your email address will not be published.


*