Askotan pentsatzen dugu salerosketaren arazoa guregandik urrun dagoela, beste herri batzuetako arazoa dela. Baina inguru guztietan gertatzen den problema da, biolentziaren erakargarritasunarekin oso lotuta dagoena. Errealitate hori izkutatu egiten da, eta mozorrotzeko modu asko daude. Horietako bat Txulo-Romeoak (Romeo pimp) edo Loverboys terminoak erabiltzea da. Horrela izendatzeak, sexu-trafikatzaile beharrean, arazoa areagotzen du, haien jokabideak erromantizatzen direlako eta erakargarri bilakatzen direlako. 

Aurretik egindako ikerketen arabera, badakigu trafikatzaileek betidanik emakume ahulak bilatzen eta seduzitzen dituztela, azkenean sexu-trafiko bilakatzen diren abusuzko harreman intimoetan harrapatuta gera daitezen. Horretaz gain, Merodiok eta kideek argitaratutako artikuluan dinamika gehiago aztertu dituzte. Espainian garatu diren bi proiektutan oinarritu dira: TRATA: Life trajectories that move away from or move closer to the trafficking processes of sexual exploitation (Puigvert, 2012-2014) eta END-TRAFFICKING: Changes and social innovations for the prevention and reduction of trafficking of women for sexual exploitation (Puigvert, 2014-2016). Ikerketa horietan ondorioztatu zuten arazoaren oinarri nagusiena existitzen den giza diskurtso dominantea dela, hau da, gizon menderatzaile, maltzur eta bortitz horien irudia edertzen duena, maskulinitatea ezaugarri horiekin lotzen duena, eta, hortaz, benetako errealitatea estaltzen duela: gizon horiek sexu-trafikatzaileak eta indarkeria-harremanen sustatzaileak dira. 

Komunikabideak eta musikaren mundua fenomeno trafikatzaileek erabiltzen duten estrategia hori berritzaile gisa planteatzen hasi dira, “Txulo-Romeoak” edo “Loverboy” deituz. Alde batetik, hori ez da egia, betidanik erabili dute. Beste aldetik, horrek beraien irudia lausengatzea dakar, erakargarri bihurtzea. Izan ere, AEBn urtero ospatzen dute ekitaldi bat musikariekin, non “Urteko txuloa” saritzen duten; era berean, sustatzen den gizon ezin hobearen irudia jokabide sexistak eta menderatsuak dituena da, non prostituzioa eta trafiko sexuala errealitate arrunt gisa aurkezten diren.

Kultura-arloak eta hedabideek errealitate hori sustatzeak arazoa izugarri areagotu du, eta emakume askok ez dakite (onartu ere ez dute egiten) tratu txar horien biktima direla; izan ere, askotan pentsatzen dute maite, zaindu eta babestu dituen gizon bat aurkitu dutela. Aipatu dugun bezala, errealitate hori estaltzen laguntzen du: gizon horiei “Txulo-Romeoak” edo “Loverboy” deituz, jokabide eta izaera horiek erakargarri egin dituzte, desioaren hizkuntza erabiltzen delako. Horren ondorioz, mutil askok horrela jokatzea aukeratzen dute, eta neska asko gizartekotu egiten dira indarkeria erakartzen duen diskurtso nagusi horretan.

Ikerketan zehar, erabilitako metodologia komunikatiboa dela eta, salerosketaren biktimekin gaian edo prebentzioan lan egiten duten profesionalak konturatu dira haiek ere erabiltzen zituztela termino horiek. Horrek autokritika egitera eraman ditu, beren esku-hartzean zuen eragin kaltegarria ikusita.

Beraz, arazo horri aurre egiteko, desiraren hizkuntzarekin ere jardun behar da. Alde batetik, “Txulo-Romeoak” eta “Loverboy” deitu beharrean, gizarte-eragile guztiok haiek benetan direna izendatzeko terminoa erabili behar dugu, hau da, “Sexu-trafikatzaileak”. Bestalde, harrokeriaren, indarkeriaren eta mendekotasunaren ezaugarriak erakargarri bihurtu beharrean, zein higuingarriak diren argitu behar dugu, eta horiek baztertu, errefusatu eta berdintasunean, maitasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak bultzatu eta bermatu. Gizarteak eta, bereziki, hezkuntza-munduak funtsezko zeregina dute egoera horien berri emateko eta lantzeko geletan, egoera horiei aurrea hartzeko.

Egilea: Ainhoa Bilbao