Gelan lantzeko baliabideak

Urtebete pasatu ondoren irakasleen prestakuntzarako artikulu asko argitaratu ditugu. Haietako batzuk egokiak dira ikasleekin ere geletan lantzeko. Lanketa hori errazteko helburuarekin, «Baliabideak» atalean eskuragarri utzi nahi dizkizuegu ikasleekin gelan irakurtzeko edo lantzeko artikuluak, gaika antolatuta eta hausnarketarako puntu batzuekin:

Sexurako adostasuna. Nerabe eta gazteen arteko harremanak osasuntsuak izan daitezen, ziurtatu egin behar da beti adostasuna ematen dela. Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan sexurako adostasunari buruzko gogoeta egiteko artikulu hau oso baliagarria izan daitekeela uste dugu. Ainhoa Flechak El Diario Feminista egunkarirako gaztelaniaz idatzitako artikuluaren laburpena da.

Hausnarketarako puntu batzuk:

  • zer uste duzue «ez, ezetz da» leloari buruz?

  • horrekin nahikoa dela uste duzue?

  • eta baietza ematearekin?

  • nola ziurtatu daiteke uneoro adostasuna dagoela?

  • botere-harremanen adibideak

Indarkeria 0. Gaztetan edo nagusitan gertatzen den indarkeria Haur Hezkuntzan hasten da. Gure gizartean normalduta dagoen indarkeria ezabatzeko, haurrak jaiotzen direnetik lantzen hasi behar dugu. Artikulu hau baliagarria izan daiteke irakasle eta familiekin lantzeko, baita Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleekin ere. Txikiekin, irakurri beharrean, adibideak landu daitezke. Rosa Garvinek El Diario Feministan   idatzitako artikuluaren itzulpena da.

Hausnarketarako puntu batzuk:

  • Zer pentsatzen duzue esaldi horiei buruz, norbaitek txarto tratatu eta gero?

“Nahigabe izan da”, “Bera hasi da lehenago”, “Nire onetik aterata nengoelako jo nuen, ezin izan dut kontrolatu”, “Eman iezaiozu musu bat eta ez ezazu berriro jo, lagunak izan behar duzue eta”, “Barkatu, ez dut berriro egingo”, “Barkamena eskatu dizut dagoeneko, zer gehiago nahi duzu egitea?”

  • Lagun on batek behartzen zaitu nahi ez duzuna egitera? Ipini adibideak.

  • Gustura gaude txarto tratatzen gaituzten pertsonekin?

  • Zergatik batzuetan ondo tratatzen gaituztenak txarto tratatzen ditugu eta alderantziz?

  • Txarto tratatzen dutenei beldurra diegu?

  • Benetan uste duzue indarra edo indarkeria erabiltzen duena ausartagoa dela? Bakarrik egotekotan, ausartuko litzateke?

  • Neska batek ez badu musurik eman nahi, errespetatu behar da? Eta zer egin behar dute lagunek egoera horren aurrean? (Musua ematera behartu edo animatu ala, nahi ez badu, hori ez egiteko eskubidea defendatu? Nola behartzen gaituzte? Zer egin dezakegu horren aurrean?

Lekukoen esku-hartzea. Jazarpenarekin amaitzeko denok inplikatu behar gara. Kasu honetan, irakasleek bi artikulu hauek irakurri eta gero, hausnarketarako ondoko puntuak landu daitezke. Ikasleei testuingurua azaldu eta gero, ondoko testua irakurri eta landu dezakete.

  • Zer uste duzue ondoko jarraibideei buruz?

  • Zer zailtasun ikusten dituzue aurrera eramateko?

  • Adibideak eman ditzakezue pausu bakoitzari buruz?

 

  1. SINISTU, norbaitek azaltzen badizu jazarpen sexuala jasan duela, abusuzko harreman batean murgilduta dagoela, edo Internet bidez jazarri dutela.

  2. Gertakaria ikustea: pertsonok zerbait egiten ari gara, arreta galduta, beste pertsona batzuekin hizketan, gure ingurukoaren jakitun izan gabe, batzuetan konturatu nahi ere izan gabe. Horrexegatik da garrantzitsua gure inguruan gertatzen diren gauzetan arreta jartzea. Zure ikasgelako lagunei behatu. Norbaitek arazoren bat duela baldin badirudi, GALDETU, ZIURTATU ONDO DAGOELA. Arazo gisa interpretatzea: batzuetan zaila da jakitea norbaitek laguntza behar duela. Gomendioa da kideen anbiguotasunari, onespenari edo presioari gu desbideratzen ez uztea. Lagunen bat zerbait desegokia egiten ari bada, ESAN IEZAIOZU.

  3. EZ ZAITEZ ISILDU. Norbaitek zerbait iraingarria, arrazista edo abusuzkoa esaten badu, esan iezaiozu jarrera onartezina izan duela. EZ EGIN BARRE txantxa arrazista, homofobo edo sexisten aurrean. Erantzukizun pertsonala gure gain hartzea: ez dugu ziurtzat jo behar beste pertsona batek zerbait egingo duenik. Lehena izateko adorea eta konfiantza izan behar dugu.

  4. Nola lagundu jakitea: inoiz ez gara arriskuan jarri behar, besterik gabe, zerbait egin behar dugu; batzuetan, laguntza zuzena edo zeharkakoa izan daiteke. Adibidez, beste lagun batzuen edo nagusien laguntza eskatzen dugunean. Laguntza inplementatzea, jardutea. Helburua da kasuan kasuko ekintza onena egitea, betiere biktimaren alde. Beti biktimaren alde.

Be the first to comment on "Gelan lantzeko baliabideak"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*