«Baliabideak» atalean eskuragarri utzi nahi dizuegu artikulu bat, uste baitugu oso baliagarria izan daitekeela Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan sexurako adostasunari buruzko gogoeta egiteko Ainhoa Flechak El Diario Feminista egunkarirako idatzitako artikuluaren laburpena da.
Sexurako adostasuna eta komunikazio-ekintzak
Azken urteotan, feminismoari esker, gizartearen sexu-indarkeriarekiko kontzientzia handitu da. #metoo edo #niksinestendizut bezalako ekimenek «adostasunaren» ideiari heltzeko premia ikusarazi dute.
Argi dago «ez, ezetz da» labur geratzen dela, badakigu batzuetan pertsonek ez daukatela ezetz esaterik, substantzia baten eraginagatik, larderiazko egoera jakinek eragiten duten paralisiagatik, gure gizarte-egituraren azpiko gizarte-hierarkia guztiengatik edo beste hainbat baldintzarengatik.
Horrek bai esplizitua soilik baietz den ideiara eraman gaitu. Hemen ere ez dugu irtenbiderik aurkitu, izan ere, ez dakigu zer edo nolako presioak jaso ahal dituen pertsona batek baietz esateko. Beste aldetik, pertsona batek memento batean «nahi duela» esateak ez du bermatzen horren ondoren ere nahi izaten jarraituko duenik, edozein arrazoi dela eta iritziz alda dezakelako.
Aktoreen asmoak gorabehera, komunikazio-ekintza guztietan jarduten dute ekintza bera gertatzen den sistema kapitalista eta patriarkalaren egituretan oinarritutako botere-interakzioek. Ikuspegi weberiarretik, aktore batek, gizarte-harreman baten barruan, bere borondatea inposa dezakeenean boterea dago.
Muturreko desparekotasuneko kasuez haratago, harreman guztietan daude aktoreek aintzat hartu beharreko botere-interakzioak.Zenbat eta handiagoa izan desparekotasuna, orduan eta handiagoak izango dira hartu beharko ditugun neurriak, ziurtatzeko beste pertsona ez dela hertsatuta sentitzen eta badakiela askea dela nahi duena egiteko.
«La Manada» auziko fiskalak oso ondo adierazi zuen azken txostenean. Elena Sarasatek leporatzen die «berariazko ezjakintasuna. Badakidanez ezetz esango duela, ez dut galdetuko […], ekintza egiten duenak argitu behar ditu ekintza horren inguruko zalantzak, eta ondorioak bere gain hartu […], emakumeak harremanak izan nahi zituen ala ez galdera argi batzuekin argituko zen: ‘jarraitu nahi duzu?’, ‘baduzu gogorik?’ Baina hori ez zen gertatu». Horri gehitu behar zaio erantzukizuna soilik haiena zela, ez bakarrik ekintza egin zutenak izateagatik, baita testuinguru horretan zuten botere-posizio nabarmenagatik ere.
Gu guztion erantzukizuna da, eta bereziki gizarte-testuinguru jakin batean botere-posizio handiena duenarena, bermatzea ditugun sexu-kontaktu guztiak beste pertsonak ere izan nahi dituela, norbaiten diru-zorrotik ehun euro hartzen ditugunean gure erantzukizuna den bezala bermatzea pertsona horrek nahita eman nahi zizkigula. Mementoren batean zalantzarik txikiena badugu, galdetu dezagun. Eta galdetu ondoren ere argi ez badaukagu, ez dezagun jarrai.