Ikerkuntzan aurrerapen asko egin dira genero-indarkeria gainditzeko. Goi-mailako hezkuntzaren arloan, abiarazitako mekanismoetako bat bystander intervention izenekoa da, lekukoaren esku-hartze gisa itzul litekeena, hau da, gertakari edo jokabide bat ikusten duten edo horren berri duten pertsona ororen esku-hartzea.

Halaber, ikerketek erakusten dute kasu bat salatzen duten pertsonek, bai biktima zuzenak bai horiei laguntzen dietenak izanda, ondorio kaltegarriak eta errepresaliak jasan ditzaketela, azken horien kasuan, hain zuzen, laguntza emateagatik. Hala, bigarren mailako biktima bilakatzen dira. Horregatik, oso garrantzitsuak dira laguntza eta babesa, biktima zuzenei nahiz balizko bigarren mailakoei ematen zaizkienak, beldurrak lekukoen laguntza mugatu ez dezan.

Hezkuntza-inguruneetan gerta daitezkeen jazarpenek, zirikatzeek edo egoera deserosoek giroari, emaitza akademikoei, gizarte-kohesioari eta, hortaz, komunitate osoari eragiten diete. Horrek esan nahi du komunitate osoa dela horiek desagerrarazteko erantzulea.

Eredu horrek ematen digun erantzukizunaren barruan, bystander aktiboaren ñabardura dago, upstander izenez ere ezaguna dena. Hori lotuta dago egoera jakin baten aurrean hartzen den jarrera aktiboarekin, izan ere, egoera baten lekuko izatea ez da nahikoa, horri irtenbidea aurkitzeko jarduten ez bada. Esku-hartze aktibo hori bost urratsetan ere oinarritu daiteke: 1) Gertakaria ikustea: pertsonok zerbait egiten ari gara, arreta galduta, beste pertsona batzuekin hizketan, gure ingurukoaren jakitun izan gabe, batzuetan konturatu nahi izan gabe. Horrexegatik da garrantzitsua gure inguruan gertatzen diren gauzetan arreta jartzea. 2) Arazo gisa interpretatzea: batzuetan zaila da jakitea norbaitek laguntza behar duela. Gomendioa da kideen anbiguotasunari, onespenari edo presioari gu desbideratzen ez uztea. 3) Erantzukizun pertsonala gure gain hartzea: ez dugu ziurtzat jo behar beste pertsona batek zerbait egingo duenik.Lehena izateko adorea eta konfiantza izan behar dugu. 4) Nola lagundu jakitea: inoiz ez gara arriskuan jarri behar, besterik gabe, zerbait egin behar dugu; batzuetan, laguntza zuzena edo zeharkakoa izan daiteke. 5) Laguntza inplementatzea, jardutea. Helburua da kasu bakoitzaren arabera onena izan daitekeen ekintza egitea, betiere biktimaren alde.

Erantzukizuna hartzearen ideiak oihartzun handia du bystander intervention mekanismoa abiaraztearen ildotik, eta beti galde diezaiokegu hau geure buruari: ni ez banaiz, nor izango da? Inork ez du dena egin behar, baina guztiok egin dezakegu zerbait jazarpena prebenitzeko eta horren aurrean jarduteko, baita biktimak babesten ausartzen denaren alde jarduteko ere.

Egilea: Ana Vidu

Ana Vidu