(Diario Feminista-tik itzulita)
Georgiako Unibertsitatearen (UGA) ikerketa berri batek erakusten duenez, haurtzaroan laguntza sozial eta emozionalak, familiakoak, eskolakoak edo komunitatekoak izan, nabarmen murriztu dezake haurtzaroan kontrako esperientziak bizi izan dituzten pertsonen heriotza goiztiarraren arriskua. Aurkikuntzek laguntza emozional goiztiarraren garrantzia indartzen dute, osasun publikoko tresna gisa.
Azterketa Journal of Epidemiology and Community Health aldizkarian argitaratu zen, eta National Longitudinal Study of Кent to Adult Health erakundearen datuak aztertu zituen. 20.000 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen, nerabezarotik hasi eta helduarora arte. Ikerketan, heriotza goiztiarren intzidentzia haurtzaroko esperientzia kaltegarriekin (abusua, zabarkeria, indarkeria edo gurasoen galera) eta hautemandako gizarte-laguntzarekin alderatu zen.
Emaitzak sendoak izan ziren: ezbehar ugari izan eta babes sozial eta emozionalik izan ez zutenek 50 urte bete aurretik hiltzeko probabilitate handiagoa erakutsi zuten. Aldiz, laguntza-sare sendoak izan zituztenek, familiakoek, eskolakoek edo komunitatekoek, biziraupen handiagoa izan zuten. UGAko Osasun Publikoko Ikastetxeko Janani Rajbhandari-Thapa egilekideak adierazi zuen haurrei laguntzeak, bereziki egoera txarrei aurre egiten dietenean, berebiziko aldea eragin dezakeela.
Haurtzaroko Aurkako Esperientziak izenekoek (ACE-Adverse Childhood Experiences, ingelesezko sigletan) 18 urte bete baino lehen bizitako traumak hartzen dituzte barnean, hala nola abusua, abandonua edo indarkeriaren esposizioa, osasun fisiko eta mentalean eragin iraunkorra dutenak. Hainbat azterlanek, CDCek eta OMEk egindakoak barne, gaixotasun kardiobaskularrekin, depresioarekin eta bizi-itxaropen txikiagoarekin lotu dituzte ACEak. Hala ere, duela gutxi egindako ikerketek nabarmentzen dute gizarte-laguntza eta laguntza emozional goiztiarrak efektu horiek arindu eta erresilientzia indartu dezakeela, eta erakusten dutela testuinguruak ez duela helmuga zehazten, baina eragina duela etorkizuneko ongizatean.
OMEren arabera, munduko biztanleen % 60k gutxienez ACE bat izan du, eta testuinguru horretan, UGAren emaitzek familia- eta eskola-laguntzako sareak indartuko dituzten politika publikoen premia azpimarratzen dute. Haurtzaroan lotura afektibo seguruak eta laguntza sozial eta emozionaleko ingurune komunitarioak sustatzeak etorkizuneko kalteak prebenitzeaz gain, gizarte osasuntsuago, ekitatiboago eta erresilienteago baten oinarriak ezartzen ditu.
Egilea: Diario Feminista

![]()










