Haurren eta nerabeen ongizate emozionala funtsezko alderdia da haien garapen integralerako eta gizartean parte hartzeko. Inpaktu sozialeko ebidentzia zientifikoetan oinarrituta ikasleen ongizate emozionala sustatzen duen hezkuntza-ingurune batek erronka akademikoei eta sozialei aurre egiten laguntzeaz gain, jokabide suntsitzaileetatik ere babesten ditu ikasleak, eta berdintasunezko eta zentzuz beteriko harremanak eraikitzeko tresnak ematen dizkie. Presio sozial eta kulturalek gazteek edertasuna eta askatasuna ulertzeko duten modua desitxuratu egin dezaketen mundu batean, funtsezkoa da eskolek hausnarketa kritikoa sustatzeko espazioak eskaintzea eta, desioaren hizkuntzatik abiatuta, errespetu- eta elkartasun-balioak sustatzea.
Artikulu zientifiko honen egileek azaldu dutenez, aldez aurreko ikerketetan frogatu da gaueko bizitzaren industriak gazteak presionatzen dituela jokabide kaltegarriak har ditzaten, Diskurtso Nagusi Hertsatzailearen (DNH) bidez. DNHak erakargarritasuna portaera eta jarrera bortitzekin lotzen du, eta berdinen arteko elkarrekintzetan agertzen da, nahi ez diren harremanak izateko presioa eginez. Ildo horretan, egileek diote arreta jarri behar dela DNHren baitako harremanetan dagoen mespretxuan, eta ez harremanaren iraupenean; izan ere, lehenengoa da gazteek sexuan duten portaera eta sozializazioa kaltetzen duena.
Baina artikulua haratago doa, eta merkatu-nitxo batzuk “predatzaile” deituriko kapital batek nola hartu dituen aztertzen du. Kapital predatzaile horrek, DNH horretaz baliatuta, ahalik eta etekin handiena lortu nahi izan du, edertasunean, itsusikerian, askatasunean eta genero-indarkeria gainditzean eragin ditzakeen gizarte-ondorioez arduratu gabe. Adibide argia da tabako-industriaren kasua, emakumeen askapenaren diskurtsoa manipulatu baitzuen emakumeen artean tabakismoa sustatzeko, zigarroen kontsumoa modernitatearekin eta askatasunarekin lotuz. Gaueko bizitzan, gazteak mespretxuzko harremanetan eta harreman kaltegarrietan parte hartzeko presionatzen dituzte (edariekin oso etekin altuak lortzen dituzten bitartean), askatasunaren itxurapean.
Era berean, ikerketak adierazten du musika eta artea, ahalik eta etekin handiena lortzeko helburuarekin, instrumentalizatu egin direla, adibidez, pixatoki bat arte gisa aurkeztuz. Izan ere, edertasunez beteriko “La Nascita di Venere” bezalako artelanek oso kostu altua dute: oso pertsona gutxi dira azken hau egiteko gai eta, gainera, denbora asko eskaini beharko diote. Berdin gertatzen da musikarekin, itsusikeria sustatzen duen arte eta musika sexistari erakargarritasuna egozten bazaio eta diskurtso hori eskoletako berdinen taldeetan sartzen bada, seguraski musika horrek gazte askoren gustua moldatuko du.
Azkenik, artikuluak kritika egiten die mespretxuzko harremanetan ematen den genero indarkeria normalizatzeko erabili diren teoría sasizientifikoei, hauen artean, Michel Foucaultena. Foucaultek argi eta garbi defendatu zuen pederastiaren eta bortxaketaren despenalizazioa, eta bere eraginarekin asko zaildu du adostasunean oinarritutako harremanen eta sexu-abusuen arteko bereizketa, harreman guztiak boterezkoak direla ziurtatzen baitzuen.
Hezkuntza-testuingurura bueltatuz, indarkeria desagerrarazi eta edertasunez beteriko berdintasunezko harremanak sustatu nahi baditugu, garrantzitsua da eraginkorrak diren ekintzak martxan jartzea, adibidez, tertulia dialogikoak: feministak, literarioak, musikalak, arte tertuliak, eta Ausarten Kluba, besteak beste. Ikasleen ongizatea sustatzeko ekintza eraginkorrenetako bat Ausarten Kluba da, ikasleek DNHrekiko izan dezaketen mendetasuna desagerrarazteko oso eraginkorra dela erakutsi duen Hezkuntza Jarduera Arrakastatsua. Ausarten Kluba berdintasunezko elkarrizketa-gunea da, eta benetako adiskidetasunaren edertasuna baloratzen eta indarkeriarekin kritikoak izaten ikasten dute, besteak menderatzen saiatzen diren pertsonak agerian utziz eta erakargarritasuna kenduz. Ikasleek txikitatik ikasten badute gustatzen zaizkien gauzak zein lagunak libreki aukeratzen eta haiek hertsatzen saiatzen diren pertsonen presioari men ez egiten, gazteen erakargarritasuna eta zoriontasuna hainbeste hondatzen duen kapital predatzaile horren atzaparretan ez erortzeko aukera emango dieten gizarte-gaitasunak garatzen ariko gara.
Argazkia: IA (ChatGPT)
Egilea: Aitor Galar