Donostialdeko eta Oarsoaldeko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformek eta Adarra Pedagogi Erakundeak jardunaldi bat antolatu dute Donostian maiatzaren 11rako, 17:30etatik 20:00etara, Amara Berri-Morlans HLHIn, “Nahitaezko birbanaketa edo kalitatezko hezkuntza bereizkeria gainditzeko” tituluarekin.

Jardunaldiaren helburua da irakasleekin, ikasleen senideekin eta herritarrekin partekatzea ikasleen derrigorrezko birbanaketak hezkuntza-sisteman oro har eta, batez ere, egoera ahulenean dauden ikasleengan duen eraginari buruzko ebidentzia zientifikoek diotena. Gainera, erakunde antolatzaileek nahi dute kolektibo horietako pertsona batzuek gaiari buruz pentsatzen eta sentitzen dutena partekatzeko aukera izatea.
Jardunaldian, Adarrak joan den otsailaren 28an Bilbon egin zuen bezala, alternatibak aurkeztuko dituzte neska-mutil guztien hezkuntza arrakastatsua izan dadin, eta ez segregatua. Alternatiba horiek, nola ez, ebidentzia zientifikoetan oinarrituta daude, eta hobekuntza nabarmenak eragiten ari dira zentro eta herrialde askotan. Horrela, praktikan jartzen ari da Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 27. artikulua, zeinak esaten baitu pertsona guztiok dugula zientziaren aurrerapenak ezagutzeko eta horietan parte hartzeko eskubidea.
Jarduera horren bidez, beraz, komunitate osoarekin partekatu nahi da hezkuntzan ondo funtzionatzen duena. Hau da, komunikabideetan, eztabaida politikoetan, ikastetxeetan, ikasleen senide batzuen artean eta abarretan dauden buloak argitzen eta gainditzen lagunduko duten argudioak partekatu nahi dira herritarrekin, eta, horrela, ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza lortzen lagundu.
Jardunaldian, Harkaitz Zubiri Esnaola ikertzaile eta UPV/EHUko Pedagogia Fakultateko irakasleak gizarte-eragina duten ebidentzia zientifikoak aurkeztuko ditu, eta, ondoren, mahai-inguru batean, Kale dor kayiko ijito-elkarteak, SOS Arrazakeria Gipuzkoak, Adarra Pedagogi Erakundeak eta ikasle batzuek beren iritzia emango dute, eta behartutako birbanaketari, segregazioari eta inklusioari buruz dituzten esperientziak kontatuko dituzte. Ondoren, galderak egiteko denbora egongo da, eta, ziurtasun osoz, Bilbon gertatu zen bezala, argudioen trukea, bertaratutakoen arteko eztabaida eta jardunaldi osoaren ondorioak kalitate handikoak izango dira.

Lehenbailehen izena ematera animatzen zaituztegu, lokalaren edukiera mugatua baita, eta gaia interes handikoa. 

https://forms.gle/DXtF72ExZhj6xnet8

Egilea: Luisa Maria Puertas