Maskulinitate ez-hegemonikoak nagusitasun- eta agresibitate-eredu tradizionalekin bat ez datozenak dira, eta maskulinitate mota hori hartzen duten mutilek askotan haiengan segurtasunik eza sortu eta erakargarritasuna kendu nahi dieten diskurtsoak jasaten dituzte. Frontiers in Psychology aldizkari zientifikoan argitaratutako “No More Insecurities”: New Alternative Masculinities ‘Communicative Acts Generate Desire and Equality to Obliterate Offensive Sexual Statements artikuluan azaltzen den bezala, diskurtso horien helburua mutilen berdintasunezko eta errespetuzko portaerak erakarpen ezarekin lotzea da, gizon ez-hegemonikoek erakargarritasun gutxiago dutelaren ideia betikotuz. Ildo horretan, bai mutil menderatzaileek, bai biolentoenganako erakarpena sentitzen duten neska heterosexualek, mespretxuaren, difamazioaren eta mehatxuaren bidez kikiltzen eta hertsatzen dituzte. Lortzen duten pertzepzio negatibo horiek eragina dute maskulinitate horiekin identifikatzen direnen autoestimuan eta konfiantzan, haien erakargarritasuna eta onarpen soziala zailduz.

Hala ere, artikuluak nabarmentzen du maskulinitate ez-hegemonikoen artean, diskurtso horri aurre egiten dion maskulinitate mota bat dagoela: Maskulinitate Alternatibo Berriak (NAM inglesezko sigletan). Mutil hauek berdinzaleak dira baina, gainera, beren buruarengan segurtasuna dute eta erakargarri gisa ikusten dira. Ildo horretan, gogoratu behar da garrantzitsua dela erakargarritasuna kontuan hartzea maskulinitate berdinzaleak eraikitzeko. Eredu honek harreman sexualetan eta afektiboetan autokonfiantza eta etika elementuak konbinatzen ditu, indarkeriazko edo mespretxuzko jarrerekiko erakarpena sentitzeko presioa egiten duen diskurtso hertsatzaileari segurtasunarekin aurre eginez. Beren baitako segurtasunean oinarritutako komunikazio-ekintzen bidez, NAM mutilek erakarpena eta errespetua sortzen dute beren ingurunean, eta balioa kentzen saiatzen dieten diskurtsoak eraldatzen dituzte.

Halaber, ikerketak erakusten du komunikazio-ekintza horiek aldatu egin ditzaketela NAM mutilen inguruko pertsonen pertzepzioak. Tradizioz indarkeriazko jarrerak erakargarritzat jo izan diren testuinguruetan, NAMek erakusten dute errespetuak eta berdintasunak ere desira sor dezaketela, erasoak neutralizatu eta barregarri uzten dituen erretorikaren erabilera umoretsu eta lasaiaren bidez segurtasuna eta konfiantza kendu nahi dieten erasoei erantzunez. Horrela, maskulinitate tradizional dominanteekiko (MTD) desioa hausten dute.

Laburbilduz, maskulinitate ez-hegemoniko batzuek mespretxuzko diskurtsoen ondorioz askotan balorazio sozialik ez badute ere, NAM eredua alternatiba eraldatzailea da. Ikuspegi horri esker, gizon berdinzaleek segurtasunik eza gainditzeaz gain, harreman afektiboetan erakartze-ereduak aldatzen dira. Artikuluaren amaieran aipatzen da zenbait eskolatan jarduerak inplementatzen direla, hala nola Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak, NAM ikuspegia aintzat hartzen dutenak.

Argazkia: Chat GPT

Egilea: Aitor Galar