Aitortu beharra dago gaur egun eskoletan hasiak garela hezkuntza sexualaz hitz egiten ikasleekin, bai irakasleen bitartez, baita kanpotik etortzen diren profesionalen bidez ere. Eta, noski, hori berri bikaina da! Jakitun gara gazteak maitasun eta sexu osasuntsurako ez prestatzeak ondorio suntsitzaileak izan ditzakeela haien bizitzetan. Beraz, zer da garrantzitsuagoa gure bizitzetan, elkarrekiko harreman erromantikoak eta maitekorrak izaten ikastea baino?

Zoritxarrez, ordea, gero eta gehiago entzuten da nerabeen arteko sexu-transmisiozko gaixotasunak areagotzen ari direla, baita nahi gabeko haurdunaldiak ere. Weissbourd eta kideek argitaratutako artikulu batean diotenez, substantzien abusuak, depresioak eta eskola-arazoek sarritan antsietatean eta porrot sexual eta erromantikoan dute oinarria. 

Kaltea ez da soilik egunero kantu misoginoen, pornografiaren eta sexuaren beste irudi degradatu batzuen eraginpean egotea, nahiz eta kalte hori oso larria izan, baizik eta, hezkuntza-sexualaz hitz egitean, ondo egiten ari garelako konbentzimendua izatea. Aipatutako artikulu berean, autoreek diotenez, prestakuntza txikia edo batere ez duten helduek eman ohi dute sexu- edo osasun-hezkuntza. Horrez gain, sexu-hezkuntzako ikastaro gehienek nerabeek sexuarekiko eta maitasunarekiko dituzten jarreretan eragin txikia edo batere ez dutela aitortzen dute. Autore horien arabera, benetako arazoa ez dira gazteen lige zoroak, helduen porrot miserablea baizik, gazteei sexu-harremanak eta maitasun-harremanak garatzeko modu atseginak, zentzuzkoak eta errespetuzkoak emateko garaian.

Eta nola eman geniezaioke horri buelta? Nola jakin dezakegu ondo ari ote garen egiten? Inpaktu sozialeko ebidentzia zientifikoetan oinarrituta. Gero eta irakasle gehiago dira modu horretan prestatzeko aukera egiten dutenak.

Maitasunari eta harreman sexualei buruz hitz egin ahal izateko aukerak ematea eta sortzea ezinbestekoa da buloei aurre egiteko, baita berdintasunezko elkarrizketen bidez nerabeak prestatzen joateko ere. Zorionez, ikerketak oso argi uzten du Tertulia Dialogikoei esker, ebidentzia zientifikoetan oinarritutako testuak erabiliz, hori lortu dezakegula. Izan ere, tertulia feministei, literarioei zein pedagogikoei esker, maitasunaren eta heziketa sexualaren inguruko debate zoragarriak suertatzen dira. Horrela, gure gaztetxoek harreman zoragarriak, liluragarriak, indarkeriatik urrunduak hautatzen dituzte, horrelako harremanak nahi eta desiratzen dituztelako. 

Sexuagatik erotuta dauden nerabeekin haserretzen eta horiek kritikatzen jarrai dezakegu. Edo benetako neurriak har ditzakegu gazteei beren bizitzako etapa askotan ondo maitatzeko behar dituzten trebetasunak eta jakinduria garatzen laguntzeko.

Egilea: Ane Olabarria