Laura Ruiz-Eugenio, Lidia Puigvert eta kideek egindako ikerketan, desioaren hizkuntzan oinarritutako jarduera mota batzuk aztertzen dira: Tertulia Feminista Dialogikoak (TFD). Horretarako, Eguneroko Bizitzako Komunikazio Istorioen metodologia erabili zuten TFDetan parte hartu zuten neskekin. Egiaztatu zutenez, TFDetan parte hartu ondoren, neskak erakarpenaren eta indarkeriazko portaeren arteko lotura zalantzan jartzen hasi ziren, bai eta batasun hori indartzen duen sozializazio-ereduaren aurka egiten ere.
Gaur egun, neskei eta mutilei zuzendutako hainbat ekimen garatzen eta ezartzen ari diren arren, gehienek diote genero-indarkeriari “ikuslearen esku-hartzearen ikuspegitik” heldu behar zaiola. Hala ere, ekimen horietako gehienak etikaren hizkuntzatik egiten dira, eta horietako gutxik azpimarratu dute desioaren hizkuntzaren garrantzia. Izan ere, erakarpenaren eta indarkeriazko jokabideen arteko lotura hausteko eta genero-indarkeria prebenitzeko ezinbestekoa da desioaren hizkuntza erabiltzea, ikerkuntzan ikusi den bezala.
Ildo horretan, TFDak berdintasunezko elkarrizketak dira, desioaren hizkuntzatik bideratuak, eta gizarte patriarkalek ezarritako nahiak zalantzan jarri nahi dituzten emakume parte-hartzaileentzako bideak sortzea dute helburu, desio horiek indarkeriarik gabeko harremanetara bideratuz.
Ikerketan erabilitako komunikazio-metodologiak tertulietako elkarrizketen ondoriozko pentsamenduetan sakontzen lagundu zuen. TFDetan agertu zen gai nagusietako bat, ikertzaileen eta nesken arteko elkarrizketetan ere oinarritu zena, neska batzuek jasaten duten “goranzko mugikortasunaren ameskeria” zalantzan jartzea da, askotan, genero-indarkeria horren ondorioz. Ameskeria hori neska batzuen okerreko pertzepzio gisa definitu izan da, diskurtso hegemonikoaren ondorioz, maskulinotasun-eredu hegemoniko bati erantzuten dioten mutilekin (mutil “popularrak”) harreman sexual-afektiboa ezartzea lortzen dutenean haien estatusa edo erakargarritasuna handitzeko. Hala ere, kasu horietan, estatusa edo erakargarritasuna handitu beharrean, irudipen horrek murriztu egiten ditu. Ikerketaren arabera, parte-hartzaileak, TFDetan eta ikerketan izan zituzten elkarrizketen ondoren, beren esperientziak, ameskeriarekin lotutakoak, zalantzan jartzen hasi ziren, ikuspegi berri batetik.
Ildo beretik, neska batzuek mutilekin bizi izandako hainbat egoera bortitz aztertu zituzten. TFDetako testuetan azaldutako indarkeria-kasuetatik abiatuta, neskek adierazi zuten bazutela beren lagun batzuek jasandako genero-indarkeriako egoeren berri. Ordura arte, egoera horiek normaltzat jotzen zituzten eguneroko testuinguruan, baina, elkarrizketei esker, zalantzan jarri zituzten.
Egilea: Garazi Alvarez