Ijito-herriaren lidergo-estiloak edota ezaugarriak aztertu gabeko arloak izan dira ikerketa-komunitate zientifikoan. Hala ere, eragin handiko gaia da, jasaten dituen desberdintasunak kontuan hartuta. Zehazki, emakume ijitoek ekimena hartu ohi dute haien komunitateentzat, hezkuntza- eta lan-aukerak ireki diezazkieten. Eztabaidarako eta erabakiak hartzeko espazioak behar dituzte, komunitateak eta familiek haien ikuspuntu eta egoera desberdinak komenta ditzaten. Espazio horien bitartez, denon ikuspegiak kontuan hartu ahal izango dituzte. Ildo horretatik, emakume ijitoek gizarte-erakundeetan garatzen eta gauzatzen den lidergo motaren berezitasunak ikertzea oso alderdi inportantea da.
Aiello, Sordé, Khalfaoui eta Redondo ikertzaileek emakume ijitoek lidergoan, ekintza sozial eta politikoetan parte hartzen dutenean bermatzen dituzten alderdi dialogikoak aztertu dituzte. Ikerketan 19 emakume ijito elkarrizketatu zituzten. Guztiak dira liderrak gizarte-partaidetzako hainbat gune antolatutan, zehazki emakume ijitoen gizarte-erakundeetan edo bestelako erakunde politikoetan. Aipatutako alderdi horiei “dialogikoak” deitzen diete, emakume ijitoen eta haien komunitateen arteko berdintasunezko elkarrizketan oinarrituta aritzen direlako. Eta zer alderdi aurkitu du ikerketak?
Lehenik eta behin, lidergoa modu erlazionalean hartzea, hau da, lidergoa partekatzea, denon artean eginez. Horrela, erantzukizun kolektiboa sustatzen da, eta denok bihurtzen gaituzte ijito-herriaren garapenaren parte-hartzaile. Bestetik, ijito-balioak eta -nortasuna erdigunean jartzen dituzten erabakiak hartzeko prozesua da. Azkenik, lidergo dialogiko horrek haien belaunaldien arteko elkartasunaren beharra azpimarratzen du, ekintza antolatuaren eragile gisa hartzen baitu.
Ikerketaren bitartez, lidergoak emakume liderren ikuspegitik, eta ez soilik erakundeen ikuspegitik, nola funtzionatzen duen azaltzen da. Izan ere, ikerketa zientifikoak argitzen lagundu dezake nolakoa den ijitoen eskubideen aldeko mugimenduaren antolaketa eta, bereziki, zein diren emakume horien mugimendua indartzen edo zailtzen duten elementuak.
Egilea: Aitana Fernández