Miloi bat haur eta nerabe baino gehiago ari dira hazten zaintzan Europa osoan, eta ehunka mila daude arreta instituzionalean. Erakunde batzuen arabera, despertsonalizazioa, errutina zurrunak, ate itxiak eta berotasun- nahiz maitasun-falta dira horren ezaugarri nagusiak (Opening Doors, 2020).

Literatura zientifikoak erakutsi du arreta instituzionalak, haur eta nerabeengan eragin negatiboa izateaz gain, hala nola hezkuntzan, osasun mentalean, substantzien abusuan eta kriminaltasunean (Cameron eta Das, 2019), kostu ekonomiko handiak dakarzkiola estatuari (Gypen eta besteak, 2017).

Gazte askoren eta askoren familiek babesgabetasun-, utzikeria- edo zabarkeria-egoerak bizi dituzte, eta, esperientzia horren ondorioz, kolektibo hori oso egoera ahulean dago; hortaz, egoera hori murriztu edo aldatu nahi da instituzionalizazioarekin edo familia-harrerarekin. 

Tamalez, instituzionalizazioak ez du beti guztiek behar duten segurtasuna eta afektibitatea ematen, eta batzuetan garapen sozial, fisiko eta akademikorako ere kaltegarria da. Bizilekuz etengabe aldatzeak eta gazteek beren bideari eragiten dioten erabakietan parte ez hartzeak eragin zuzena dute estigmatizazioan, errendimendu akademiko baxuan, berdinen gaitzespenean eta kalitatezko lagunak egiteko edo mantentzeko zailtasunean, besteak beste.

Hori horrela, Children & Society aldizkari zientifikoan argitaratu den My friends are like my family’: The positive impact of high-quality friendship on former foster care youth artikuluak egoitza-harreran dauden gazteen bizi-kalitatea hobetzeko funtsezkoa den gako bat eskaintzen du: kalitatezko lagunak. 

Unibertsitatean dauden edo egon diren eta egoitza-harreran edo familia-harreran dauden 18 eta 28 urte bitarteko 15 gazteren kontakizunen bidez, azterlan horrek agerian uzten du kalitatezko lagunek instituzionalizazioaren inpaktu kaltegarriak murrizten dituztela. 

Azterlanaren emaitzek aditzera ematen dituzte gazte horiek eskolaz edo institutuz aldatzean izan zituzten zailtasunak eta lagun berriak egiteko ahaleginak, baina, era berean, adierazten dute izan edo mantendu zituzten lagunak funtsezkoak izan zirela haien gizarte-garapenerako, konfiantzaren hobekuntzarako, zoriontasunerako edo motibazio akademikorako. Halaber, kontakizun horiek adierazten dute lagun-sare sendoa zutenek beren lagunen bide akademiko bera zutela, bestelako aukerarik planteatu gabe: kasu honetan, unibertsitate-ikasketekin jarraitzea. 

Literatura zientifikoak adierazten du dagoeneko ebidentzia dagoela arrakasta akademikoaren eta gizarte-bazterketaren arriskua murriztearen arteko loturari buruz eta nerabezaroan, nagusiki eskoletan, hausten diren adiskidetasun-harremanen garrantziari buruz. Horrelako ikerketak funtsezko tresnak dira hezkuntza-arloko profesionalek eta harreran dauden gazteak zaintzeko profesionalek kalitatezko lagunak sustatzeko, funtsezkoak baitira eskola-jazarpena eta genero-indarkeria prebenitzeko. Izan ere, benetako laguntasuna izan dutenek badakite zein garrantzitsua den inori ukatu behar ez zaion lotura baten konpainia, aholkua, laguntza eta berotasuna, eta are gutxiago egoera zaurgarrian bizi diren herritarrei.

Egilea: Ane Olmedillo Berasategi