Lagunak egitea nahiz adiskideekin laguntasuna mantentzea nerabezaroko garapen-zeregin garrantzitsuenetako bat da. “Niretzat, lagunak nire osotasuna dira”, dio 16 urteko neska batek lagunei buruz galdetzen zaionean. Pertsona askok aitor dezakete sentimendu hori. Bereziki, nerabezaroan. Hain zuzen ere, 10-18 urteko gazte gehienentzat lagun bat da haien bizitzako hiru pertsona garrantzitsuenetako bat (Kiesner et al., 2004). 

Kalitate handiko adiskidetasun solidarioak garapen eta osasun mentaleko emaitza positiboekin lotuta egon dira, bai adiskidetasuna garatzen den aldian bai epe luzera. Gainera, adiskidetasunak esperientzia kaltegarrien ondorio negatiboetatik babesten gaitu, hala nola biktimizaziotik eta barneratze-jokabideetatik (Bagwell & Bukowski, 2018; Vitaro et al., 2009). 

Haatik, lagunak ongizatearekin lotzen dituen ebidentzia zabal hori gorabehera, nahiko gutxi dakigu tartean dauden azpiko mekanismoei buruz. Hori horrela, Leiden Unibertsitateko ikertzailea den Berna Güroğlu emakumeak adiskidetasunari buruzko garuneko irudien ikerketak berrikusten ditu eta lagunekin ditugun elkarrekintzak ongizatearekin nola erlazionatzen diren azaltzen du honako artikulu zientifiko honetan: The power of friendship: The developmental significance of friendships from a neuroscience perspective.

Ikerketaren emaitzek honako hau iradokitzen dute: alde batetik, adiskidetasunak sari- eta motibazio-prozesuak dakartza (bentrikulu striatuma eta bentromedial prefrontalaren kortexa barne hartzen dituztenak), eta, bestetik, norberaren eta besteen mentalizazio-prozesuak (frontearen aurreko kortex mediala eta eskualde tenporoparietalak barne hartzen dituztenak). 

Amaitzeko, ikertzaileak neurona-ereduak emaitza psikosozialen eta osasun mentalaren banakako desberdintasunekin nola erlazionatzen diren aztertzeko gomendioak ematen ditu. 

Egilea: Ane Olmedillo