Zein puntutaraino gara trebeak teknologia sustatzen eta erabiltzen gure testuinguruan? Egun, teknologia eskoletan sakonki eragiten duen elementua da, eta, horren erabileran trebatzeko tresna asko badaude ere, ez dago gaizki Europako Batzordeak doan eskaintzen duen tresnaren berri izatea. Batez ere, eskola anitzetan, teknologiaren bidez eta hezkuntzako aditu eta ikasleekin batera diseinatu eta probatu den tresna bada! Hala, SELFIE tresna dugu (ingelesez: Self-reflection on Effective Learning by Fostering the use of Innovative Educational technologies). 

Ondo dago jakitea tresna hori edozein eskolak erabil dezakeela, eta anonimoki jasotzen dituela datuak eta teknologiaren inguruko iritziak (bai ikasleen iritziak, bai irakasleenak eta zuzendaritza-taldeenak ere). Baina, zertan datza? Laburbilduz, SELFIE galdetegi motza da, 1-5 eskalan erantzutekoa, eta gehienez 20 minutu hartzen ditu dena osatzeko. Erantzun horiekin, SELFIE tresnak argazki moduko bat osatzen du, eskolaren teknologiarekin lotutako indargune eta ahulguneak (strengths and weaknesses) erakutsiz. 

Gainera, SELFIE erraminta Lehen eta Bigarren Hezkuntzan erabiltzeko aproposa da, eta 30 hizkuntzatan dago eskuragarri. Europako Batzordeak sortutako baliabidea izanik, doan erabil dezake edozein eskolak! Horretarako lanean egon dira teknologia-adituak, eskoletako teknologia-irakasleak, eta UNESCOko Institute for Information Technologies in Education, besteak beste. Hala, tresna hori perfekzionatzeko, 5000 ikasle eta irakaslek feedback-a eman zuten lehenengo diseinuan; ondoren, 650 eskolatako 67.000 pertsonak probatu zuten egungo bertsioa lortu arte. 

NOLA ERABILTZEN DA SELFIE?

Baliabidea erabiltzeko, lehenik eta behin eskola-mailan koordinatzaile bat edo talde txiki bat aukeratu behar da; horiek prozesua koordinatuko dute. Ondoren, SELFIEn izena eman behar da, zenbat ikaslek edo pertsonak parte hartuko duten adieraziz. Hurrengo pausoan, eskolaren egoeraren edo beharren araberako galdera motak aukeratu daitezke. Behin galdera motak aukeratuta, gure eskolako beharren arabera, galdetzeko momentua iritsi da! Pauso horretan, eskolako komunitate osoa gonbidatu dezakegu galdetegia osatzera, anonimoa dela gogoraraziz! Galdetegiari erantzuteko unea norberak erabakitzen duenez, oso tresna malgua da SELFIE (hau da, ikasle guztiek ez dute zertan momentu berean galdetegia osatu, adibidez). Behin galdetegi guztiak bildu ditugunean, SELFIEk txosten bat sortzen du eskolako erantzun guztiak kontuan hartuz. Aipatzekoa da txosten horiek oso bisualak eta interaktiboak direla, eta anonimoa den aldetik, eskola bakoitzak bere txostena soilik ikus dezake. 

Beraz, txosten hori erabil dezakegu gure eskolan teknologiaren erabilera hobetzeko edota sustatzeko!