Joan den maiatzaren 21ean, Cuencan, gatazkak prebenitzeko eredu dialogikoari buruzko arratsaldeko lehen saiora joateko aukera izan nuen. Bertan, ikastetxeetan indarkeria prebenitzeko jarduera arrakastatsuak gauzatzeko hiru esperientzia eta gako ugari partekatu ziren.
Lehenengo esperientziarekin Sansomendiraino bidaiatu genuen, Gasteizko Ikas Komunitateak zentrora. Bertan, Ausarten Kluba (Club de Valientes, Violencia 0) lantzen dute Haur Hezkuntzatik, eta lantzen dituzten gako batzuk partekatu zizkiguten. Adibidez, gela bakoitzean ikasle guztien argazkiak agertzen diren oso panel ikusgarriak eta “jarrera ausartak” eta “jarera koldarrak” desberdintzeko bi gune. Egunero, guztiak jarrera ausartetan hasten dira, ondo jokatzeko aukera ematen zaie. Gainera, lehenengo mailetan “Ausarten Kluba” eskumuturrekoak ere erabiltzen dituzte, eta indarkeriaz jokatuz gero, kendu egiten zaizkie jarrera aldatu arte. Prozesu osoan, nabarmendu dute funtsezkoa dela arreta biktimarengan jartzea eta taldea ahalduntzea, biktima babestu dezaten. Halaber, azpimarratu dute ezinbestekoa izan dela prozesuan zehar arau komunitarioa egunero lantzea eta irakasleak ebidentzia zientifikoetan prestatzea.
Bigarren esperientzia Montserrat de Tarrasa Ikas Komunitatearena izan zen. Kontatu ziguten 2001-2002 ikasturtean hasi zirela ametsarekin, eta 2015ean birformulatu zutela. Komunitate osoak nabarmendu zuen bizikidetza lantzea ezinbestekoa zela. Hori dela eta, lanari ekin zioten eta batzorde mistoak sortu zituzten, 6 ikasleren, familien eta zuzendaritza-taldeko kideen parte-hartzearekin. Gai hori lantzeko materialen artean, liburu hauek nabarmentzen dira: El Club de Valientes (Begoña Ibarrola) eta Ni un besito a la fuerza. Era berean, ikastetxeko bi ikaslek modu horretan landu behar izan den inpaktua aurkeztu ziguten, orain askoz hobeto tratatzen baitzuten elkar eta eskolan ez baitzegoen hainbeste arazo.
Hirugarren esperientzia Chesteko Vírgen de la Esperanza Hezkuntza Bereziko Ikastetxekoa da, “Babestu, babestu, babestu, indarkeriarik gabeko guneak sortuz” izena duena. Hizlariak adierazi zuen funtsezkoa dela desgaitasuna duten ikasleekin eredu dialogikoa lantzea, portaerak arautzea zaila izaten baita batzuetan. Halaber, kontatu zigun, orain, ikasle batek jokabide disruptiboa duenean, aurreikusi egiten dutela, eta gainerako ikaskideek “orain gortina egitea dagokigu” esaten dutela (estrategia hori erabiltzen dute portaera ez indartzeko). Testuinguru horretan, “zure gorputza zurea da eta inork ez du ukitzen” bezalako kontzeptuak ere lantzen dituzte, ikasle horiek sexu-abusua jasateko arrisku handiagoa baitute.
Ideia horiek guztiak buruan ditugula eta gizarte-inpaktuaren ebidentzien laguntzaz, gure testuinguruak eta mundua hobetzen jarraitzeko ideiak izan ditzakegu.
Egilea: Garazi Alvarez