Joan den maiatzaren 21ean, larunbatean, Ikas Komunitateen Nazioarteko Topaketaren hamargarren edizioa egin zen Cuencan. Eguna ilusio handiz hasi zen, pertsona ezagun eta ezezagun guztiak agurtzen. Guztiok sentimendu komun bat partekatzen genuen: hezkuntza hobea posible dela amestea eta hori errealitate bihurtzeko egunero lan egitea.
Inaugurazioan, agintariek eta Ikas Komunitateen aholku-batzordeak ongietorria egin ziguten hirira eta topaketara, eta nabarmendu zuten 700 pertsona baino gehiago bilduta geundela Gaztela-Mantxako Unibertsitateko paraninfoan. Ondoren, mahai-inguru bat egin zen, non Emilia Aiello, Lidia Puigvert eta Sandra Racionero nazioarteko maila zientifiko goreneko ikertzaileek gako batzuk aurkeztu baitzizkiguten hezkuntzako aditu faltsuak eta zientziako pertsonak bereizteko.
Hizlarien hitzaldiaren ondoren, 11 urteko neskato bat zutitu zen galdera-sortan, eta honako hau planteatu zuen: “gure eskolan, zure bideoetako bat ikusi dugu, harreman toxikoei buruzkoa da, eta neuronengan duten eragin negatiboa esplikatzen duzu, bai eta eragin hori nola sahiestu. Asko hunkitu nau, eta asko gustatu zaigu eskola osoarentzat”. Hori esanda, hau erantzun zion panelistak: “Kandelek dio liburu bat irakurrita bakarrik, zerbait gogoratzen baduzu, zure burmuina hobea dela. Beraz, zure iruzkinari esker, guztiok gogoratuko dugu, eta gure garuna hobea da zuei esker”. Benetan hunkigarria izan zen.
Ondoren, Matematika Dialogikoari buruzko hitzaldia egon zen. Bertan, Javier Díez Palomarrek aldamioen garrantziaz, itxaropen handiez eta berdintasunezko elkarrizketan oinarritutako elkarreraginen garrantziaz hitz egin zigun. Jarraian, Teresa Sordé-k hezkuntza-politika inklusiboagoak sortzeko Europatik bultzatzen ari diren baliabideetako batzuk aurkeztu zituen, baita zientzia herritarrentzat eskuragarriagoa izateko bitartekoak ere. Ziur guztiok ideia asko hartu genituela haiei entzunda.
Arratsaldean, aldi bereko bi tailer egin ziren gai hauen inguruan: solasaldi literario dialogikoak, talde elkarreragileak, eredu dialogikoa, komunitatearen partaidetza, familien formakuntza eta irakasleen formakuntza dialogikoa. Eguna goitik behera amaitzeko “maskulinitate alternatibo berriak” izeneko hitzaldia eman zuten Guillermo Legorburok eta Emilia Aillelok. Aurkeztutako gakoen artean diskurtso hertsatzailearen aurka egitea eta bigarren mailako sexu-jazarpenari amaiera ematea egon ziren.
Amaitzeko, hurrengo topaketa Asturiasen egingo dela iragarri zuten. Guk, zalantzarik gabe, ez dugu galduko!
Egilea: Garazi Álvarez