- mendearen lehen erdian, Espainiar estatuan, emakumeen belaunaldi batek ekarpen zientifiko nabarmenak egin zituen hainbat arlotan, hala nola medikuntzan, natur zientzietan, psikologian, fisikan, kimikan edo neurozientzian. Errekonozimendu handia eta gizartean paper garrantzitsua izan zuten emakume horiek, ordea, historiak isilarazi ditu. Gaur egun argi dago, gerra zibila tartean sartu ezean, Ramon y Cajali emandako Nobel saritik aurrera emakumeek zientzian eta gizartean egin zuten aurrerapena bizkortu egingo zela.
Orain, hiru egilek, Isabel Delgado Echeverría, Mª José Barral Morán eta Carmen Magallón Portolés-ek, biologian, medikuntzan eta zientziaren historian trebatuak, hurrenez hurren, XX. mendeko espainiar zientzialarien aztarnen atzean liburuan, zientziarekin eta berrikuntzarekin lotutako lanbideetan aritzea erabaki zuten belaunaldi hartako hamabi emakumeren istorioak jaso dituzte, isilarazita egon diren emakume zientzialari horien bizitzaren eta lorpenen berri emateko helburuarekin.
Egileek ahalegin handia egin dute hamabi zientzialarien bizitzak berreraikitzeko, XX. mendeko lehen hereneko natur zientzien, psikologiaren, fisikaren eta kimikaren koadroan sartuta eta garai hartako emakumeen bizitzak baldintzatu zituzten gertaera zientifiko, sozial eta politikoen testuinguruan kokatuta: Alfontso XIII.aren monarkiatik diktadura frankistara, Primo de Riveraren diktaduratik eta Bigarren Errepublikatik igarota.
Emakume horien ahotsak entzunda eta haien urratsei jarraituz, egileek ezaugarri asko partekatzen dituztela aurkitu dute: jatorri soziala (klase ilustratuetako kide izatea eta familia-ingurune aproposa); hasierako ibilbidea (magisteritza titulazioa); graduondoko prestakuntza (egonaldiak Andereñoen Egoitzan, espezializazio-bekak Alemanian eta Frantzian); posizionamendu ideologikoa (feminismoa eta pentsamendu aurrerakoia hainbat ñabardurarekin); eta garaiko matxismoek eragin zituzten oztopoak eta Gerra Zibilak sortutako zirrara.
Biografia horiek argi uzten dute ireki zieten aukera nahiko estua izan zela, eta motibazio eta babes handia behar izan zutela aurrera egiteko; izan ere, emakumeen hezkuntzaren aldeko haizeak jotzen bazuen ere, oztopo asko egon ziren haien eta zientzien artean, batez ere, unibertsitate- eta ikerketa-postuetara iristeko zailtasunak. Carmen Magallónek dioen bezala: “Liburu honetan berezia eta apartekoa da bizi-ibilbidea zientziari egindako ekarpenekin lotzen duela, modu zorrotz eta dokumentatuan”.
Liburua ikastetxe, institutu, unibertsitate eta erakundeetan erabiltzeko proposatzen dute, oso beharrezkoa baita emakumeek historiari eta zientziari egindako ekarpenen transmisioa jasotzea, hala nola hurrengo belaunaldiei bidea ireki zieten hamabi zientzialari horien kasua, emakumeen hezkuntza zientifikoaren irekitasuna eta aurrerapena lortu baitzuten.
Egilea: Isabel Mendizabal