Norberaren esku dago orain eskoletan musukoa eramatea ala ez. Horrek esan nahi du erabaki indibiduala dela, baina askotan berdinen arteko presioak norbanakoaren erabakitzeko gaitasuna ordezkatzen duela. Hartara, zer egingo dute gure ikasleek, nahi dutena ala gainontzekoek egiten dutena? 

Harvard Unibertsitateko garapenaren psikologoak, Nancy Hill-ek, horren harira berdinen arteko presioaren inguruko bizpahiru oinarri azaltzen ditu bere azken argitalpenean, bai eta irakasle zein guraso gisa zer egin dezakegun ere, haur eta nerabeei laguntzeko egoera konplexu horretan. 

Irakasleak garen heinean, Hill-ek bi gako identifikatzen ditu. Alde batetik, laguntasunaren inguruko elkarrizketak izatea. Haur eta lehen hezkuntzan gai hori maiz entzuten den arren, bigarren hezkuntzan zaila gerta dakiguke laguntasunaren inguruko ideiak partekatzen direla entzutea. Hartara, nerabeei lagun on batengan zer bilatzen duten galdetu diezaiekegu, betiere ziurtatuz lagun onen eta azaleko harremanen arteko desberdintasunak ulertzen dituela. Bestalde, musukoa ikasle batzuentzat ezkutaleku bikaina izan da, eta orain, ezkutaleku hori desagertu daitekeela ikustean, antsietatea ager daiteke. Hortaz, irakasleak ikuspegi orokorra mantendu beharko du, baita musukoa erabiltzen jarraitzen duten ikasleekin ere. 

Eta gurasoek zer egin dezakete egoera horretan? Bada, Hill-ek dioenez, nerabeekin sentimenduen inguruko elkarrizketak izaten saiatzea da gomendagarria. Modu horretan, erabaki zuzena eta okerra hartzearen arteko ezberdintasunak errazago ulertuko dituzte, baldin eta aukera bakoitzak haiengan sortzen dituen sentimenduak ulertzen badituzte. Bestalde, gomendagarria da gure seme-alaba nerabeek haien pentsamendu eta iritziak partekatzen dituzten lagunak dituztela ziurtatzea. Hala, haiengana jotzera animatu ditzakegu edozein egoeratan, baita musukoak erabili ala erabiltzeari uztearen arteko erabakia hartzeko ere. 

Egilea: Kaiera