Genero-indarkeria kasuak ohikoak dira unibertsitateetan. Ikerketaren arabera, Espainiako estatuko unibertsitateetan ikasleen ia bi herenek emakumeen aurkako indarkeria pairatu dute edo kasuak ezagutzen dituzte unibertsitate-testuinguruan, baina ikusi edo sufritu dutenek oso gutxitan ematen dute horren berri. Indarkeria horri aurre egiteko sortu zen #MeToo Unibertsitatean mugimendua. Oihartzun handia lortzen ari da. 

Euskal Herrian inoiz gai honi buruz antolatu den lehenengo jardunaldia egingo dute datorren ostegunean, martxoaren 31n, Donostian, Euskal Herriko Unibertsitateko campusean, Carlos Santamaria Zentroan, 12:30ean.

Unibertsitateetan gertatzen den genero-indarkeria gainditzen laguntzeko antolatu dute jardunaldia. Ikerketa zientifikoen arabera, konponbidearen oinarriak honakoak dira: 

1) genero indarkeriaren aurkako 0 tolerantzia eredua aktibatzea, 

2) lekuko diren pertsonek genero-indarkeriaren biktimen alde aktiboki esku-hartzea, eta 

3) biktimekiko babesa eta elkartasuna adieraztea eta gauzatzea. 

Genero-indarkeriaren biktimek eta biktimei babesa ematen dieten pertsonek laguntzarik jasotzen ez badute, isolatuta geratzen dira eta, horrela, biziraule bihurtzeko aukera galarazten zaie. Ikerketak erakutsi duenez, isolatuta geratzeko eta errepresaliak jasateko beldurra da genero-indarkeriaren biktimak ez babesteko arrazoi nagusia. Ildo horretan, hainbat aurrerapauso historiko gertatu dira azken aldian: Kataluniako Parlamentuak aho batez onartu zuen Genero Indarkeria Isolatzailea (biktimak babesten dituztenen aurkako indarkeria) bere erregulazioan sartzea, eta horrela munduko lehenengo parlamentua izan zen; eta orain, 2022ko martxoan, Eusko Legebiltzarra munduko bigarren parlamentua bihurtu da Genero Indarkeria Isolatzailea bere legedian sartzen; eta gaur egun beste hainbat parlamentu, Brasilgoa besteak beste, horretan ari dira lanean. 

Unibertsitatearen esparruan, #MeToo Unibertsitatea mugimendua aurrerapen historikoak lortzen ari da unibertsitateetan genero-indarkeria gainditzeko bidean. Orain arte ikusezin bihurtu den arazo bat ikusgarri bihurtu du, eta dagoeneko hainbat eremutan inpaktuak sortu ditu. Urtarrilaren amaieraz geroztik, hainbat hedabidek (El Periódico, TVE, La Sexta, TV3, Correo, Diario Vasco, Diario Feminista, Kaiera, besteak beste) mugimendu horri buruzko berriak zabaldu dituzte, eta horrek erreakzio ugari eragin ditu, hala nola Berdintasun Politiketarako Errektoreen Konferentziako (CRUE) ordezkariarena: Maria Antonia Peña Huelvako Unibertsitateko errektoreak adierazi duenez, lotsatu eta sumindu egin da MeToo unibertsitateari buruzko informazioa irakurri duenean.

Era berean, Margarita Arboixek, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko errektore ohiak, honako hau adierazi zuen: «Biktimei ondo lagunduko bagenie, eredugarria izango litzateke, eta hedatu egingo litzateke». Hain zuzen ere, horixe da UPV/EHUn jardunaldi bat antolatzearen helburua: arazoa ikusaraztea, biktimei babesa ematea, elkartasuna adieraztea, eta, horrela, gaitz hori gainditzeko irtenbideak sustatzea.

Jardunaldian parte hartuko dutenen artean daude Ramón Flecha, Bartzelonako Unibertsitateko katedraduna, eta Mar Joanpere, Rovira i Virgiliko irakaslea eta ikertzailea. Ramón Flecha izan zen estatuko unibertsitateetan sexu jazarpena publikoki salatu zuen lehenengoa. 1995. urtean egin zuen. Gainera, genero indarkeria ikertzen aritu da, eta Flecha da munduan gehien zitatzen den ikertzailea genero indarkeriaren esparrua, Google Scholar-en arabera. Estatuko unibertsitateetan, Mar Joanpere izan zen lehenengoa, beste bi kiderekin batera, berdin baten kontrako sexu jazarpen kasu bat irabazten. Gainera, Joanpere #MeToo Unibertsitateak mugimenduko sortzaileetako bat da, eta ikergai du genero indarkeria unibertsitateetan.

Horiez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat kidek ere hartuko dute parte jardunaldian: Elena Leiñena UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendariak, Beronika Azpillaga Gipuzkoako Errektoreordetzako Euskara eta Kultura Zuzendariak, Beñat Amenabar Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Dekanoak, eta Lucía Gallego eta Harkaitz Zubiri irakasle eta ikertzaileek.

Egilea: Kaiera