Azken urteotan asko ikertu da munduko unibertsitate garrantzitsuenek aniztasunarekiko duten konpromisoa eta horrek ikasleengan duen eragina. Goi-mailako irakaskuntzan aniztasunari buruz egin diren ikerketak sakon aztertzen dituzte About Campus: Enriching the Student Learning Experience aldizkari zientifikoan argitaratu duten The benefits of diversity. What the research tells us (“Aniztasunaren onurak. Ikerketak esaten diguna”) artikuluan. Azterketak agerian uzten du aniztasunak hobetu egiten duela ikaskuntza-maila, areagotu egiten duela pentsamendu kritikoa, eta sustatu egiten duela sormenerako trebetasuna. Baina, horrez gain, oso lotuta dago justizia sozialarekin, demokraziaren iraupenarekin eta ongizatearekin.

Azterlanaren emaitzek erakusten dutenez, aniztasunaren trataera funtsezkoa da AEBetan. Bertan,  unibertsitate-campusak funtsezko eremuak dira. Ikaskuntza eta eraginkortasun instituzionala fundamentuz lantzen direnean, horrek eragina dauka gizarte-ongizatean, ongizate-maila handitu egiten baita, betiere lau dimentsio horietan lan egiten bada: 1) unibertsitatean ordezkaritza txikia duten ikasleen sarbidea eta arrakasta, 2) campuseko giroa eta taldeen arteko harremanak, 3) hezkuntza eta bekak, eta 4) bideragarritasun instituzionala.

Agerian geratzen da ezin dela gutxietsi ikasle-talde anitzen arteko elkarrekintzen eragina, eta egiaztatzen da zenbat eta aniztasun handiagoa egon ikasleen, irakasleen eta irakasle ez diren langileen artean, orduan eta aukera handiagoak daudela gizarte-laguntzarako, jokabide-ereduetarako eta estereotipoak hausteko. Ildo horretan, giro inklusiboaren ezaugarri nagusia da ikasle guztien gaitasunekiko espektatiba handiak izatea, hezkuntza-eredu arrakastatsuak erabiltzea, eta hezkuntzaren balioak lotura ahalik eta estuena izatea erakundeak komunitateari zerbitzua emateko duen konpromisoarekin. Aniztasunak areagotu egiten du ikasleek unibertsitate-inguruneari buruz duten pertzepzio positiboa, ongizate handiagoa eragiten du eta estereotipo arrazistak gutxitzen ditu, baita etnia- eta kultura-aniztasuna dagoen inguruneekiko beldurra ere. Gainera, ingurune anitzetan hezten direnek ahalegin handiagoa egiten dute aurreiritziei aurre egiteko, eta zapalkuntza- eta diskriminazio-arazoak desagerrarazteko konpromiso handiagoa hartzen dute, eta alderdi horiek eragina dute unibertsitate-karrerak aukeratzerakoan ere bai. Era berean, ikerketak erakusten du askotariko pertsonen arteko elkarreragin-aukera horiek eragin positiboa dutela arrakasta akademikoan. Garapen kognitiboari buruzko ikerketek erakusten dute pentsamendu kritikoa, arazoak konpontzeko gaitasuna eta konplexutasun kognitiboa areagotu egiten direla ikasgeletan zein unibertsitate-campusetan aniztasun-kuota handiagoak dituzten ikasleengan.

Azterlan horrek inplikazio praktiko garrantzitsuak ditu unibertsitate-campusak hobetzeko. Unibertsitateek aniztasunak ematen dituen hezkuntza-onurak lortu nahi badituzte, neurri espezifikoak, propio egindakoak eta ebidentzietan oinarritutakoak hartu behar dituzte hura kudeatzeko, eta horrek erakundeen konpromiso irmoa eskatzen du. Gainera, irakasleen, ikasleen eta irakasle ez diren langileen nortasun eta kultura ugari garatu, aitortu eta baloratu behar dira, haien aniztasuna funtsezkoa baita campusaren dinamismorako eta aberastasunerako. Bestalde, aniztasunaren onurak sustatzeak diziplinarteko lana ere badakar, eta unibertsitatetik haratago komunitatera zabaltzea. Azkenik, egiten ari diren ikerketek ondorioztatzen dute beharrezkoa dela campusetako aniztasun-ekimenen ebaluazio instituzional sakonagoa, ebaluaziorik gabe zaila izango baita aniztasunaren eragina, lortutako aurrerapenak edo aniztasunaren kudeaketa eraginkorra bermatzeko beharrezko ahaleginak areagotzea.

Artikuluak ondorioztatzen duenez, aniztasunak ez du arazorik sortzen hezkuntza-komunitateetan; aitzitik, lehendik zeudenak agerian utz ditzake, eta, aldi berean, potentzial handia du unibertsitate-erakundeen aurreiritziei aurre egiteko, haien kalitatea eta eraginkortasuna hobetu ahal izateko.

Egilea: Marifa Salceda