Pertsona gazte asko pobrezia eta gizarte-bazterketa arriskuan daude. Gainera, ahultasun hori COVID-19aren pandemiarekin areagotu da. Hala ere, hezkuntza arrisku-egoera horietatik ateratzeko aukera dela erakutsi du literatura zientifikoak. Bestalde, pandemiak etxean geratzera behartu gaituenez, pertsona gazte askok sare sozialetara jo du ebidentzia zientifikoak bilatzeko, zabaltzeko edota eztabaidatzeko.
Egoera horren aurrean, Puigvert eta kideek (2022) sare sozialek hezkuntza zientifikoa sustatzeko duten gaitasuna aztertu dute. Konkretuki, Instagram sarea hautatu dute, eta sare sozialen analisia egin dute hezkuntzarekin lotutako hashtag-etan. 5000 post aztertu ondoren, hainbat ondorio atera zituzten.

Lehenik eta behin, Instagramek, gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala, zientifikoki garrantzitsua den informazioa du. Hainbat alderditako (zientzia naturalak, soziologia, hezkuntza, osasuna, ingeniaritza, etb.) aurrerapen zientifikoak aurkitu ziren. Horietan, maila handiko argitalpen zientifikoak izan dira nabarmen. Beste post batzuek, bestalde, era dibertigarrian zientziarekin lotutako proposamenak egiten dituzte.

Aitzitik, COVID-19aren pandemiari buruzko informazio zientifikoak presentzia handia izan duela ikusi da. Pandemiari buruzko informazio zehatza zabaldu da kasu askotan, argitalpen zientifikoei buruzkoa, edota buloak eta konspirazio-teoriak gezurtatzekoa.

Azkenik, ikertzaileek ikusi dute hashtag horien bidez ezagutzaren sareak sortu direla. Hau da, post bati hashtag ospetsua jarriz, post hori ezagutza-sare batean sartzen da, eta, hala, informazioa ailegatzea eta errazago eskuratzea ahalbidetzen da.

Funtsean, ikerketak erakutsi du Instagram sare sozialak era erakargarrian sustatu duela hezkuntza zientifikoa COVID-19aren pandemiaren garaian.

Egilea: Ane López de Aguileta