Duela 10 urte hasi zen 20 valentziar irakaslek osatutako taldea Solasaldi Pedagogiko Dialogikoak egiten. Helburu argia zeukaten ordutik: ikasleei kalitate goreneko hezkuntza eskaintzea. Urteak eman dituzte ordutik ebidentzia zientifikoetan oinarritutako prestigiozko lanak irakurtzen eta elkarrekin partekatzen Solasaldi Dialogikoen bidez. Gaur egun, esperientzia horretan izandako arrakastak eraginda, nazioartean zabal aplikatzen den praktika pedagogikoa bilakatu dira.

Zorionez, ez dugu urrun joan beharrik Solasaldi Pedagogiko Dialogikoetan parte hartu ahal izateko. Hain zuzen, 2019tik haur, lehen, bigarren eta goi-mailako hezkuntzan diharduen irakasle-talde txiki batek Bilbon bertan eman zion hasiera “Erraldoien Sorbaldetan” taldeari. Ordutik, Valentzian gertatu zen bezala, gero eta gehiago dira hilabetean behin, larunbat goizean (10etatik 12etara), Solasaldi Pedagogiko Dialogikoetan (SPD) parte hartzen duten irakasle eta bestelako hezkuntza-agenteak. Profil ugaridun pertsonak izaten dira parte-hartzaileak; tartean, eskarmentu handikoak, baina baita ikasleak ere.

Hiru urte hauetan, besteak beste, Jesús Gómez, Ramón Flecha, Neil Mercer, Rocío García-Carrión, Linda Hargreaves, Bell Hooks, Elisenda Giner edo Álvaro Pascual-Leone ikertzaileek sortutako lanak irakurtzeko eta eztabaidatzeko aukera izan dute. Ez hori bakarrik, punta-puntako artikulu zientifikoak irakurtzeko tartea ere izan dute. Esate baterako, “Nature” edo “Frontiers in Psychology” aldizkari ospetsuetan argitaratutakoak.

Saio horiek online egiteko aukera izaten da beti. Hala ere, hiru hilabetean behin aurrez aurre biltzeko aukera ematen duen espazioa antolatzen dute. Saio horietan, SPDez gain, adostutako gai baten inguruan ikerketak emandako emaitza esanguratsuenetan sakontzeko tartea izaten da. Halakoetan, gonbidatuek eskainitako aurkezpenez eta ondorengo elkarrizketez gozatzeko aukera izaten dute partaideek.

Martxoan hasita, eta ikasturteari amaiera eman bitartean, Paulo Freire pedagogo brasildarraren “Pedagogía del Oprimido” lanari helduko diote. Hauek izango dira datozen solasaldien egunak: martxoaren 19a, maiatzaren 14a eta ekainaren 11.

Ez galdu aukera bikain hau, eta parte hartu!

Izena eman edo edozein zalantza argitzeko, jar zaitez harremanetan koordinazio taldearekin: ikaskomadarra@gmail.com

Egilea: Maite Santiago